EA Sports Liga
Osasunak 1-0 galdu du, Bernabeun, penaltiz, 2025-26 denboraldiko Ligako lehen partidan
EITB
Kylian Mbappek sartu du Real Madrili garaipena eman dion gola, 51. minutuan. Osasuna sendo aritu da, baina, azkenean, ezin izan du punturik batu; Abel Bretonesi txartel gorria atera diote, bigarren zatiko luzapenean.
Budimir, Brahimen aurretik, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.
Osasunak galdu egin du, 1-0, Real Madrilen aurka, Santiago Bernabeun, 2025-26 denboraldiko EA Sports Ligako lehenengo jardunaldian, astearte gauean. Kylian Mbappek, 51. minutuan, penaltiz, talde zuriari garaipena eman dion gola sartu du, Alessio Lisci Osasunako entrenatzaile gisa aritu den aurreneko partida ofizialean. Nabarmentzeko modukoa da, halaber, Osasunak hamar jokalari zituela amaitu duela norgehiagoka; izan ere, bigarren zatiko luzapenean, neurketako azken minutuetan, epaileak Abel Bretones kanporatu du, txartel gorria aterata.
Real Madril-Osasuna (1-0): laburpena
Lan ona eginda, atzealdean sendo, eta berdegunean ezin hobeto kokatuta, Osasunak lehen zati oso txukuna egin du Real Madril aurkari. Zuriek izan dute jokoaren kontrola, baina Alessio Lisciren gizonek segurtasun handia erakutsi dute, eta bizi aritu dira. Xabi Alonsoren taldeak areaz kanpotik egindako jaurtiketa batzuetan sortu du arriskua, bereziki; Sergio Herrerak, hala ere, erantzun bikaina eman du jokaldi horietan. Nafarroako taldeak gutxitan jo du aurrera, baina 39. minutuan, kontraeraso on baten amaieran, Budimirrek aukera ona izan du; aurrelariak eskuinez jaurti du, baina errematea desbideratuta irten zaio.
Osasuna ausart zelairatu da bigarren zatiko lehenengo minutuetan, baina orduan jaso du Iruñeko taldeak 1-0ekoa; Mbappek sartu du, penaltiz, aurrelari frantziarraren eta Juan Cruzen arteko jokaldi baten ondorioz. 51. minutuan izan da gol hori.
Lisciren gizonen asmoa aurrera egitea izan bada ere, Real Madril indartsu ibili da atzealdean. Bigarren zatiko minutu batzuetan, Osasunak izan du kontrola zelai erdian, baina aukera gutxi sortu ahal izan ditu.
Luzapenean, partida amaitzeko bi minutu gelditzen zirela, Adrian Cordero epaileak Abel Bretones kanporatu du, txartel gorria zuzenean aterata; izan ere, epailearen iritziz, Osasunako jokalariak zigor hori merezi izan du, Gonzalorekin izandako jokaldi bat zela eta.
Fitxa teknikoa
1 - Real Madril: Courtois; Alexander-Arnold (Carvajal, 68. min), Militao, Huijsen, Carreras; Tchouameni, Fede Valverde, Guler (Ceballos, 90. min); Brahim (Mastantuono, 68. min), Vinicius (Gonzalo, 78. min) eta Mbappe.
0 - Osasuna: Sergio Herrera; Rosier, Boyomo, Catena, Bretones, Juan Cruz (Raul García, 85. min); Moncayola, Torro, Aimar Oroz (Moi Gomez, 78. min), Ruben Garcia (Victor Múñoz, 66. min); eta Budimir.
Gola: 1-0, 51. min: Mbappe, penaltiz.
Epailea: Adrian Cordero (Kantabriako Batzordea). Real Madrileko Mbapperi txartel horia atera dio, eta Osasunako Abel Bretonesi, ordea, txartel gorria.
Nabarmentzekoa: 68.407 zale izan dira,Santiago Bernabeun.