Itxi

EA Sports Liga

Budimirrek denboraldiko lehen garaipena eman dio Osasunari, Sadarren (1-0)

G. P. A. | EITB Media

Leer en Castellano

Alessio Lisciren taldea nagusi izan da lehen zatian. Budimirrek gola sartu du partidaren hasieran, eta epaileak Gaya kanporatu du ondoren. Alabaina, bigarrenean ez du partida itxi, eta Valentziak estu hartu du, berdinketa lortu nahian.

Ante Budimir Valentziaren aurkako partidan. EFE

Osasunak 1-0 irabazi dio Valentziari gaur, Sadarren, Ante Budimirrek sartutako gol bati esker. Lehendabiziko garaipena lortu du talde gorritxoak 2025-26 denboraldian.

Alessio Liscieren taldea bizi-bizi hasi da, baloiarekin erasokor, eta baloirik ez zuenean, aurkariari presio itogarria eginda. Horrela, denetarik gertatu da lehen zatian.

Osasunak hamargarren minuturako sartu du gola, Budimir eraginkorraren eskutik. Rosierrek egin du erdiraketa, eta aurrelari kroaziarrak gol polita sartu du, buruz.

Handik gutxira, Gayak akats izugarria egin du defentsan, azken gizona zenean. Baloia Agirrezabala atezainari eman nahi zion, baina Victor Muñoz gazteak lapurtu dio ustekabean, eta, ondoren, falta argia egin dio gaur Osasunarekin debuta egin duen hegaleko jokalari azkarrari.

Epaileak txartel gorria atera dio, eta Valentzia hamar jokalarirekin geratu da. Protestarik egin gabe, eta kapitainaren besokoa amorruz lurrera botata, aldagelara joan da Gaya, huts larria egin duela zekien eta.

Lehen zatia bukatu aurretik, Rosierrek bigarrena sartu du, Victor Muñozen jokaldia bukatuta. Edonola ere, epaileak baliorik gabe utzi du, Budimir jokoz kanpo zegoelako.

Bigarren zatian, oso bestelakoa izan da jokoa. Markagailuan aurretik joan arren eta Valentziak baino jokalari bat gehiago izan arren, Osasunak ez du abantaila aprobetxatu bigarren zatian. Erasoan ez du aparteko ezer egin, eta Valentziak, berriz, aurrera egin du, berdinketa lortu nahian.

Hala ere, Carlos Corberanen taldea ez da fin aritu erasoko jokoan, eta ezin izan du gol aukera garbirik sortu. Hori bai, 90. minutuan susto handia eman dio Osasunari, Danjumak gola sartu du eta. Gorritxoen zorionerako, epaileak baliorik gabe utzi du, jokoz kanpokoa zela adierazita.  

Luzapenean ez da ezer nabarmenik gertatu, eta Osasunak denboraldiko lehen hiru puntuak bereganatu ditu ligako bigarren jardunaldian. Garaipena kostata iritsi bada ere, zale gorritxoak pozik joan dira etxera, Lisciren taldeak lehen zatian emandako erakustaldiarekin itxaropena piztuta. 

FITXA TEKNIKOA

1 – Osasuna: Sergio Herrera; Rosier, Boyomo, Catena, Juan Cruz; Moi Gomez (Osambela, 84. min), Torro (Herrando, 79. min), Aimar (Raul, 79. min); Moncayola, Budimir, Victor Muñoz (Ruben Garcia, 62. min).

0 – Valentzia: Agirrezabala, Foulquier, Copete (Duro, 78. min), Cesar Tarrega, Jose Luis Gaya, Javi Guerra (Diakhaby, 68. min), Pepelu (Santamaria, 78. min), Diego Lopez, Luis Rioja (Ugrinic, 68. min), Raba (Jesus Vazquez, 26. min) eta Danjuma.

Gola: 1-0, 10. min: Budimir.

Epailea: Jesus Gil Manzano. Txartel horia atera die Rosierri eta Tarregari; txartel gorria, berriz, Gayari.