Itxi

EA SPORTS LIGA

Osasunak ezin izan dio buelta eman Romeroren golari (1-0)

I. G. | EITB

Leer en Castellano

Partida parekatua izan da, eta Kataluniako taldearen alde egin du, Romeroren golari esker.

Aimar Oroz Espanyolen aurkako partidan. Argazkia: EFE

Osasunak 1-0 galdu du Espanyolen aurka RCDE Stadiumen jokatu den EA Sports Ligako 3. jardunaldiko partida. Partida parekatua izan da, eta Kataluniako taldearen alde egin du, Romeroren golari esker.

Etxekoek hobeto ekin diote partidari, eta gorritxoek, berriz, nahiago izan dute atzean itxaron eta baloia jokatzen atera. Lehen 15 minutuetan Espanyolek hiru aukera izan ditu, baina Herrera bikain aritu da aukera horiek saihesteko. Osasunak, bere aldetik, aukerarik argiena izan du Budimir eta Dmitrovicen arteko buruz burukoan. Atezainak hanka atera du eta jaurtiketa desbideratu du.

Aimar Orozek ere gertu izan du gola, falta-jaurtiketa langa urratu eta kanpora joan arren. Horren ondoren, norgehiagoka parekatu egin da eta zelai erdiagunean ibili dira batik bat. Atsedenaldira iritsi aurreko azken jokaldian, Rossier bakarrik iritsi da ateraino, baina zalantza egin du, eta baloia Moncayolari erdiratu dio, eta horrek langara jaurti du.

Aldageletatik itzuli eta gutxira, Romerok markagailua ireki dio Espanyoli. El Hilaliren erdiraketak Rossierrekin egin du topo, baina Romerok aldaratzea baliatu du gola sartzeko (1-0).

Osasuna goian sakatzen eta erasora jotzen saiatu da geratzen zen ordu erdian, baina ez dio arriskurik sortu defentsan ondo kokatu den Espanyoli, eta eutsi dio emaitzari. Budimir egon da gola sartzear, baina ez da posible izan, eta bigarren porrota jasan dute.

Fitxa teknikoa:

1 - Espanyol: Dmitrovic; Omar El Hilali, Calero, Cabrera, Romero; Pol Lozano, Edu Exposito (Urko, 66. min); Dolan (Koleosho, 79. min), Pere Milla (Ramon Terrats, 78. min), Puado (Miguel Rubio, 84. min); eta Kike Garcia (Roberto, 66. min).

0 - Osasuna: Sergio Herrera; Boyomo, Catena, Juan Cruz (Iker Benito, 84. min); Rosier, Torro, Moi (Ruben Garcia, 66. min), Moncayola (Kike Barja, 84. min); Victor Muñoz (Raul Garcia, 73. min), Aimar eta Budimir.

Gola: 1-0, 52. min: Romero.

Epailea: Sesma Espinosa. Txartel horia atera die Edu Exposito, Victor Muñoz, Puado, Iker Benito eta Torro jokalariei.