Berdinketa Sadarren
Zapore mingotsa Sadarren, Elxek berdinketaren gola luzapenean sartu ondoren (1-1)
EITB Media
Victor Muñozen gol batek aurretik jarri ditu gorritxoak lehen zatian, nafarrek aukera gehiago izan ondoren. Atsedenaldiaren ondotik, ordea, Alcanteko taldeak aurrerapausoa eman du eta luzapenean lortu du saria.
Abel Bretonesen etsipena, Sadarren. Argazkia: EFE
Elxek puntu baliotsua lortu du Osasunaren aurka (1-1) partidaren azken hatsean. Pedrosak Boyomoren eta Sergio Herreraren arteko gaizki ulertua baliatu du gola egiteko.
Victor Muñozen gol batek aurretik jarri ditu gorritxoak lehen zatian. Nafarrek aukera gehiago izan dituzte, eta Elx ez da batere eroso egon.
Alessio Lisciren taldeak ondo hasi du norgehiagoka, aurkariari espaziorik utzi gabe. Sergio Herrerak ez du geldiketarik egin lehen 45 minutuetan. 10. minutuan, baloia lapurtu ondoren, Victor Muñozek Iruñeko taldea aurreratu du, eskuinkada ikusgarri baten bidez. Iñaki Peñaren ateko txokotik sartu da baloia.
Muñozek Ruben Garciari eskaini dio gol aparta. Garcia deialditik kanpo geratu da azken unean, arrazoi pertsonalak tarteko.
Atsedenaldiaren ondotik, Elx estutzen hasi da bigarren zatian. Eder Sarabiaren taldea hiru aldiz jarraian iritsi da Sergio Herrerak defendatutako atera, arriskuarekin. 60. minutua pasatuta, Rafa Mirrek langara bidali du baloia, Alacanteko taldearen aukerarik argienean.
Area kanpotik egindako jaurtiketa bat arazo handirik gabe gelditu ondoren, 70. minutu aldera ezkerreko aldetik ateratako korner batean buruz egindako erremateari erantzun bikaina eman dio Sergio Herrerak.
80. minutuan, Osasunak abagune ona izan du Raul Garciak zuzendutako kontraerasoan, baina ez du jaurtiketan asmatu.
Luzapenean, 91. minutuan, Alacanteko taldeak saria lortu du. Sergio Herrerak huts handia egin du irteeran, eta Pedrosak berdinketaren gola sartzeko baliatu du. Elxek Osasunak baino jabetza handiagoa eta aukera gehiago izan ditu bigarren zatian.
Fitxa teknikoa:
1 – Osasuna: Sergio Herrera: Benito (Juan Cruz, 72. min), Boyomo, Catena, Herrando, Bretones; Moncayola, Torro, Moi Gomez (Kike Barja, 72. min). Victor Muñoz (Becker, 86. min). Budimir (Raul Garcia de Haro, 72. min).
1 – Elx: Iñaki Peña; Nuñez, Diaby (Affengruber, 45. min). Victor Chust, Petrot, Hector Fort (Pedrosa, 46. min); Aguado, Febas, Diang (Valera, 69. min); Andre Silva (Rafa Mir, 55. min).
Golak: Victor Muñoz 1-0 (55. min) eta Pedrosa 1-1 (92. min).
Epaileak: Adrian Cordero kantabriarra, Israel Barcenak eta Judit Romanok lagunduta. Kantabriako epaileak txartel horia erakutsi die Boyomo eta Moncayola Osasunako jokalariei eta Chust eta Pedrosa Elxeko jokalariei. Eder Sarabia Alacanteko taldearen entrenatzaileak txartel gorria ikusi du 70. minutuan.
Sadarren jokatutako EA Sports Ligako 5. jardunaldiko partida, 19.475 ikusleren aurrean.