EA Sports Liga
Osasunak ezin izan dio eutsi Atleticoren erasoari, eta etxetik kanpo punturik lortu gabe jarraitzen du (1-0)
I. G. | EITB
Almadak sartu du partidako gol bakarra, eta gorritxoek kanpoan punturik lortu ezinik jarraitzen dute.
Ruben Garcia, Atleticoren aurkako partidan. Argazkia: EFE
Osasunak 1-0 galdu du Atletico Madrilen aurka larunbat honetan Metropolitanon jokatu den EA Sports Ligako 9. jardunaldiko partida. Almadak sartu du partidako gol bakarra, eta gorritxoek kanpoan punturik lortu ezinik jarraitzen dute.
Etxeko taldeak indartsuago ekin dio partidari, gorritxoak bere arean sartuz eta defendatzera behartuz. 8. minuturako, Baenak markagailua ireki du, Julian Alvarezen pase sakon bat jaso eta Herrera gaindituta.
Hala ere, VARean berrikusi ondoren, epaileak baliorik gabe utzi du gola, Griezmannek (jokoz kanpo zegoela) atzelariei traba egin diela iritzita.
Gainera, Herrerak lan handia izan du Griezmannen eta Julian Alvarezen jaurtiketak gelditzen.
Osasunaren aldetik, Victor Muñoz izan da gizonik aktiboena, eta hainbat aldiz banakako jokaldiak egiten saiatu da. Torrok gertu izan du gola, Oblakek aldaratu duen erremate ona eginez. Pixkanaka, Nafarroako taldeak gora egin du, eta arriskua sortzen saiatu da.
Okerrena Rosierren lesioa izan da, zelaia utzi behar izan baitu; Iker Benito zelairatu da haren ordez.
Giuliano Simeone bigarren zatian sartu denean, Atleticok indartsuago sakatu du erasoan, eta horren oinetatik etorri da etxeko taldeari garaipena eman dion jokaldia. Hegaletik sartuta, Almadari eman dio, eta honek nahi bezala egin du gola (1-0).