EA Sports Liga
Osasunak denboraldiko lehen partida galdu du Sadarren, Celtaren mesedetan (2-3)
G. P. A. | EITB
Budimirrek bi gol sartu ditu, baina binakoarekin, aurrelari kroaziarrak penalti batean huts egin du, eta, azken txanpan, Galiziako taldeak 2-3koa egin du. Celtaren lehen garaipena da ligan.
Ante Budimir eta Marcos Alonso. Argazkia: EFE
Osasunak denboraldiko lehen partida galdu du etxean, Celtaren mesedetan (2-3). Gorritxoak galtzen hasi dira, baina Budimirrek sartutako bi golei esker, emaitza irauli dute lehen zatia bukatu orduko.
Bigarrenean, binakoarekin, aurrelari kroaziarrak penalti batean huts egin du, eta, azken txanpan, Galiziako taldeak 2-3koa egin du, denboraldiko lehen garaipena lortzeko.
Partida ona eta bizia jokatu du Osasunak hasieratik. Gorritxoak erasokor aritu dira, baina Celta ipini da aurretik markagailuan, Jutglak gol ederra sartuta.
Borja Iglesiasek baloia bere zelaian lapurtu du, azkar atera da kontraerasoan, eta pase luzea eman dio aurrelari katalanari. Jutgla zuzenean joan da Sergio Herreraren bila, eta baloia loratuta bidali du sarera.
Hamar minutu geroago iritsi da Osasunaren berdinketa, penaltiz. Manu Fernandezek Budimirri area barruan heldu dio, eta Alejandro Jose Hernandez epaileak penaltia adierazi du. Aurrelari kroaziarrak berak jaurti du, eta banakoa ezarri du markagailuan.
Lehen zatia amaitzear zegoela irauli du emaitza Alessio Lisciren taldeak. Horretan ere, Budimir izan da golegilea. Korner batean, erremate polita egin du, baloia Raduren gainetik sarean sartuta.
Atsedenaldiaren ostean ere, Osasunarena izan da ekimena. Hala ere, Celtak neurketa berdintzea lortu du, etxekoek gaizki defendatutako korner batean. Behetik egin dute erdiraketa, Borja Iglesiasek baloia pasatzen utzi du, eta Jutglak oina jartzea nahikoa izan du gola sartzeko.
Handik gutxira, Abel Bretonesi egindako penaltia adierazi du epaileak. Nola ez, Budimirrek hartu du jaurtiketa egiteko ardura. Alabaina, huts egin du. Panenka erara bota du, eta baloia kanpora joan da, langa jo eta gero.
Berriro aurretik jartzeko aukera ezin hobea galdu du Osasunak. Ez du baliatu, eta partidaren azken txanpan garaipenaren bila joan da itsu-itsuan, atzealdean arriskuak hartuta.
Galiziako taldea, berriz, kontraerasoaren zain geratu da, eta horrelako jokaldi batean egin du 2-3koa. Pablo Duranek sartu du, Iago Aspasen pase onari bukaera bikaina emanda.
Gol horrek min handia egin dio Osasunari, eta partidaren azken minutuetan ez du aukera garbirik sortzeko ahalmenik izan, bukaeraraino saiatu arren.
Horrenbestez, Alessio Lisciren taldeak lehen porrota jasan du Sadarren. Celtak, ostera, denboraldiko lehen garaipena lortu du.