Itxi

EA Sports Liga

Osasunak puntu bat eskuratu du Oviedon, eta etxetik kanpo aurrenekoa bildu du (0-0)

EITB

Leer en Castellano

Nafarroako taldeak berdinketa eskuratu du Real Oviedo aurkari, eta, horrenbestez, estreinakoz lortu du puntu bat Sadarretik at aurtengo Ligan. Lisciren gizonak, hamaika jardunalditan hamaika puntu erdietsita, hamabosgarren postuan dabiltza sailkapenean.

Sergio Herrerak kontrolpean izan du area, partida osoan. Argazkia: EFE.

Osasunak berdindu egin du, 0-0, Real Oviedoren aurka, Carlos Tartiere futbol zelaian, Oviedon, 2025-2026 denboraldiko hamaikagarren jardunaldian, astelehen gauean. Horrenbestez, Nafarroako taldeak estreinakoz lortu du puntu bat Sadarretik at aurtengo Ligan; Lisciren gizonak, hamaika partidatan beste horrenbeste puntu erdietsita, hamabosgarren postuan dabiltza, sailkapenean, behin-behinean.

Real Oviedo-Osasuna (0-0): Partidaren laburpena

Lehen zatian, Real Oviedo oso indartsu zelairatu bada ere, Osasunak izan du gola sartzeko aukerarik onena, eta oso gutxigatik ez du aurrea hartu markagailuan. Jokaldia 28. minutuan izan da; orduan, falta batean, Ruben Garciak erdiraketa bikaina egin du, penalti puntura, eta Budimirrek, burukada eder baten bidez, errematea lortu du; baloia sareetara zihoan, baina Aaron Escandellek, Real Oviedoren atezaina bera, geldiketa ederra egin du. Okerrena, baina, Lucas Torroren lesioa izan da; izan ere, erdilariak hamabosgarren minutuan utzi behar izan du zelaia. Iker Muñoz irten da haren ordez.

Bigarren zatian, Asturiasko taldeak, tarte batzuetan, presio handia egin du, eta Fede Viñasen bitartez, 69. minutuan, gertu izan du gola, baina baloia gora joan da. Abel Bretonesek, lau minuturen buruan, kontraeraso batean, ezkerrez jaurti du, eta Aaronek berriro ere saihestu du 0-1ekoa. Real Oviedo eta Osasuna indartsu aritu dira borrokan, eta ahalegin handia egin dute, gutxienez berdinketari eusteko. Azkenean, ez da golik izan, Aimar Oroz taldera bueltatu den norgehiagokan. 

Liga berriro gelditu baino lehen, Osasunak Sevillaren zelaian jokatuko du, larunbatean, 16:15ean; Lisciren gizonek beste aukera bat izango dute, bertan, etxetik kanpoko lehenengo garaipena eskuratzeko.

Fitxa teknikoa

0 – Real Oviedo: Aaron Escandell; Nacho Vidal, Costas, Carmo, Javi Lopez (Rahim, 86. min); Dendoncker, Colombatto; Viñas (Pablo Agudin, 82. min), Reina (Ilic, 82. min), Ilyas Chaira (Hassan, 69. min); eta Rondon.

0 – Osasuna: Sergio Herrera; Moncayola, Boyomo, Catena, Abel Bretones; Víctor Muñoz, Torro (Iker Muñoz, 18. min), Moi Gomez (Kike Barja, 85. min), Ruben Garcia (Aimar Oroz, 69. min); Budimir (Herrando, 85. min) eta Raul Garcia.

Epailea: Guzman Mansilla (Andaluziako Batzordea). Real Oviedoko Colombatto, Nacho Vidal eta Carmo eta Osasunako Catena zigortu ditu, txartel horia aterata. 

Nabarmentzekoa: 23.795 zale izan dira Carlos Tartieren.

Albisteak (1)