Hirugarren kanporaketa
Osasunak Badalona Women taldearen aurka galdu du Taxoaren, Erregina Kopan (0-3)
EITB Media
Lorena Navarrok, P. Sanchezek eta Priscillak sartu dituzte Kataluniako taldearen golak.
Taxoaren jokatutako partidaren une bat. Irudia: @osasuna_fem
Osasunak ezin izan du Badalona Women taldea gainditu eta 0-3ko emaitzarekin galdu du Taxoaren, Erregina Kopako hirugarren kanporaketan.
Norgehiagokaren hasieran bi aukera izan dituzte gorritxoek. Giselak ezin izan du baloiarekin bat egin alboko erdiraketa baten ostean, eta Igoak ere ez du markagailua ireki area barruan egindako burukarekin (12. minutua). Joko oneko minutuak kateatu ditu Osasunak, baina markagailua ez da mugitu.
29. minutuan, aldiz, N. Rodriguezek Ana Gonzalezen burukada gelditu du; hori izan da gorritxoen atean jazo den lehen "susto" serioa. Jarraian (32. min) iritsi da Badalonako taldearen lehen gola. Lorena Navarrori esker aurrea hartu dute markagailuan.
Gorritxoak suspertzen saiatu dira. Horrela, Marinak area barruan errematea egin du, baina Maria Lopezek gelditu egin dio (37. min). Ondoren, bigarren kolpea jaso dute, P. Sanchezek Badalonaren bigarren gola egin baitu (38. minutuan).
Atsedenaldian, Josu Dominguez gorritxoen entrenatzaileak hamaikakoa aldatu du, taldea suspertu nahian. Horrela, Giselak atsedenaldian utzi du zelaia, eta Zaira sartu da haren ordez. 59. minutuan aldaketa gehiago egin ditu Dominguez, Leire, Vanessa eta Ainhoa S. berdegunetik atera dira, eta L. Teruel, Andrea eta Ane Ansa zelairatu ditu.
Hala ere, Badalonak aldea areagotzea lortu du Priscillari esker, hirugarren eta azken gola egin baitu, 71. minutuan.