Itxi

EA Sports Liga

Osasuna jaitsiera postuetatik gertuago Sevillan galdu eta gero (1-0)

Agentziak | EITB

Leer en Castellano

Ruben Vargasek penaltiz sartu du Sevillari garaipena eman dion gola, eta gorritxoak sailkapenean gero eta okerrago daude.

Ruben Vargasek sartu du Sevillaren gola, penaltiz. Argazkia: EFE

Osasunak 1-0 galdu du Sevillaren aurka Ramon Sanchez-Pizjuan estadioan jokatu duen partida, eta EA Sports Ligako sailkapeneko zulora bidean dago, azken 5 partidetako 4 galdu baititu.

Iruñeko taldeak garaipena behar zuen bolada txarrari amaiera emateko, baina baita Sevillak ere, 3 partida jarraian zeramatzalako garaipenik lortu gabe. Horregatik, agian, lehen zatia txarra izan da. Jokalariek falta asko egin dituzte, eta ez da gol aukerarik egon.

Atsedenaldiaren ostean, Osasuna bizitasunik gabe sartu da zelaian, eta larrutik ordaindu du. Bigarren zatiaren hasieran, epaileak Sevillaren aldeko penaltia adierazi du, jokaldia VARean berrikusi ondoren. Ruben Vargasek jaurti, eta 1-0ekoa jarri du markagailuan.

Asko kostatu bazaio ere, Osasuna suspertu egin da azkenean, eta Raul Garciak alferrik galdu du markagailua berdintzeko aukera on bat.

Adamsek Sevillaren bigarrena sartu du, baina epaileak baliorik gabe utzi du, jokoz kanpo zegoelako. Sergio Herrerak ere geldiketa erabakigarriak egin ditu, eta Osasuna azkeneraino saiatu da berdinketaren gola sartzen, baina ez du lortu, Matias Almeidaren taldeak ondo eutsi baitio.

Horrenbestez, Alessio Lisciren taldeak galdu egin du, burua altxa ezinda segitzen du, eta jaitsiera postuetatik gero eta hurbilago dago.