Azken hiru jardunaldiak
Osasunak indarberrituta ekingo dio Ligako azken txanpari
Erredakzioa
Talde gorritxoak garaipen garrantzitsua lortu zuen Getaferen aurka, eta denboraldia bukatzeko hiru partida falta direnean, lau puntuko aldea dute jaitsiera postuekiko.
BBVA Ligako 2012-2013 denboraldia bukatzeko hiru jardunaldi falta dira, eta Osasunak salazioa lortzeko lehian jarraitzen du. Dena den, talde gorritxoak indarberrituta ekingo dio azken txanpa honi Getaferen aurka garaipen garrantzitsua lortu baitzuen iragan larunbatean. Jaitsiera postuekiko lau puntuko abantaila du Osasunak.
Jose Luis Mendilibarrek zuzentzen duen taldeak zazpi puntuko aldea izan zuen jaitsierarekiko, baina bederatzi jardunalditan partida bakarra irabazita, jaitsieratik puntu bakerrera egotera iritsi zen Osasuna.
35. jardunaldia jokatuta, ordea, Osasunak lau puntuko aldea du jaitsierarekiko. Getaferen aurka lortutako garaipenak lasaitasun apur bat eman dio azken hiru jardunaldiei aukera gehiagorekin ekiteko. Iragan asteazkenean Celtak galdu egin zuen Atletico Madrilen aurka (36. jardunaldiari zegokion partidan), eta Betisen aurka ere porrota jaso zuen igandean. Galizarrek Osasunak baino partida bat gehiago jokatu dute, eta talde nafarrak bost puntu ateratzen dizkio. Mallorcak ere galdu egin zuen Athleticen aurka, eta azken sailkatuari sei puntu ateratzen dizkio orain Osasunak. Asteburua biribiltzeko Deportivok ere porrota jaso zuen Valladoliden aurka, eta lau puntu ateratzen dizkio orain talde nafarrak.
Datorren larunbatean partida garrantzitsua izango du Osasunak Granadaren aurka Los Carmenesen. Granada aurkari zuzena da salbazioa lortzeko lehian, baina partida hori irabazita, salbazioa oso gertu izango du Osasunak. Etxean jokatuko duen azken partidan Sevilla izango du aurkari talde gorritxoak, eta Santiago Bernabeun bukatuko du denboraldia. Real Madrilen aurka jokatu baino lehen salbazioa ziurtatzea da Osasunaren helburua.