Itxi

2001. urtetik

Barçak hiru partida galdu eta bost berdindu ditu Osasunaren zelaian

Erredakzioa

2001. urtetik talde gorritxoak 13 aldiz jokatu du Bartzelonaren aurka bere zelaian, eta guztira, 19 puntu galdu dituzte blaugranek Iruñean.

Osasunako jokalariak Getaferi sartutako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Larunbat honetan (20:00etan) Osasunak Bartzelonaren aurka jokatuko du Sadarren. Azken urteotan Bartzelonari puntu asko joan zaizkio Iruñean jokatu dituen partidetan. 2001. urtetik gaur egunera arte, Barçak 19 puntu galdu ditu Osasunaren zelaian jokatu dituen partidetan.

Bartzelonak Iruñean lortu duen garaipen erosoena 2010. urteko abenduaren 4an eskuratu zuen Osasunari 0-3 irabazita. Partida hasiera 48 minutu atzeratu zen Bartzelona ez zelako norgehiagoka jokatzeko garaiz iritsi. Pedrok gol bat eta Messik bi sartu zituen partida honetan.

Barçak Osasunaren zelaian lortu zituen beste garaipenak hauek izan ziren: 2003-2004 denboraldian 1-2 irabazi zuten katalanek, 2004-2005. denboraldian 0-1ekoa izan zen emaitza, 2008-2009. denboraldian Barçak 2-3 irabazi zuen, eta 2012-2013. denboraldian talde katalana nagusitu zen 1-2ko emaitzarekin.

Azken hamabi urteotan Osasunak hiru aldiz irabazi dio Bartzelonari Iruñean. 2001. urteko apirilaren 22an, talde gorritxoak 3-1 irabazi zuen, 2006ko martxoaren 12an Osasunak 2-1 irabazi zion talde katalanari, eta gorritxoek etxean Barçaren aurka lortu zuten azken garaipena 2012. urteko otsailaren 12an izan zen, 3-2ko emaitzarekin.

Talde katalanak Sadarren berdindu dituen bost partidak hauexek izan ziren: 0-0 2001-2002, 2006-2007 eta 2007-2008. denboraldietan, bana (1-1) 2009-2010. denboraldian, eta bina (2-2) 2002-2003. denboraldian.

Albisteak (3)