3-0, Valentziaren aurka
Osasunak porrot mingarria jaso du Mestallan
Erredakzioa
Puñalek txartel gorria ikusi du 16. minutuan, eta talde gorritxoak ezin izan dio Valentziari eutsi. Djukicek zuzentzen duen taldeak 3-0 irabazi du. Jonasek hat-tricka lortu du.
Osasunak 3-0 galdu du Valentziaren aurka Mestallan. Lehen ordu laurdenera arte eutsi dio talde gorritxoak Valentziari, eta etxeko taldeak merezitako garaipena eskuratu du.
Partida hasiera lehiatua izan da, eta bi taldeetako batek ere ez du abagune argirik sortu. Hamaseigarren minutuan, ordea, Puñalek txartel gorria ikusi du, eta norgehiagoka maldan gora jarri zaio Osasunari. Erdilari gorritxoak sarrera gogorra egin dio Parejori eta epaileak egotzi egin du.
Valentzia jaun eta jabe izan da Osasuna hamar jokalarirekin geratu denetik, baina Djukicek zuzentzen duen taldearen abagune guztiei Andres Fernandezek erantzun bikaina eman die. Valentziako jokalariak ez dute jakin Osasunako atezaina nola gainditu, baina partida atsedenaldira iristear egon denean Jonasek 1-0ekoa sartu du. Barraganek pase bikaina eman dio, eta aurrelari brasildarrak ez du barkatu.
Bigarren zatia hasi eta bere ahala Valentziak bigarren gola sartu du. Feghoulik erdiratu eta Jonasek, boleaz, sare barrura bidali du baloia (2-0). Osasunari min handia egin dio bigarren gola hartzeak, eta bost minutu beranduago, Jonasek hat-tricka lortu du (3-0). Valentziako aurrelariak area ertzetik jaurtiketa indartsua atera eta Andres Fernandez atezaina gainditu du, partida guztiz erabakita uzteko.
Djukicek zuzentzen duen taldea jaun eta jabe izan da bigarren zatian eta hainbat abagune argi izan ditu. Valentziako aurrelarien punteria faltak eta Andres Fernandezen geldituek, ordea, etxeko taldearen gol zaparrada eragotzi dute. Partida 3-0eko emaitzarekin bukatu da, eta Valentziak merezita eskuratu ditu hiru puntuak.
Fitxa teknikoa:
3 - Valentzia: Diego Alves, Barragan, Victor Ruiz, Mathieu, Guardado (Fede Cartabia, 74. min), Feghouli, Oriol Romeu, Parejo, Bernat, Canales (Banega, 58. min) eta Jonas (Helder Postiga, 68. min).
0 - Osasuna: Andres Fernandez, Marc Beltran, Arribas, Loties, Damia, Cejudo (Silva, 52. min), Lolo (Oier, 73. min), Puñal, Armenteros, De las Cuevas (Torres, 63. min) eta Oriol Riera.
Golak: 1-0, 44. min: Jonas. 2-0, 47. min: Jonas. 3-0, 53. min: Jonas.
Epailea: Velasco Carballo. Patxi Puñal egotzi du txartel gorriarekin (17. min).