Itxi

BBVA Liga

Osasunak Atletico jan du Sadarren, 20 minututan (3-0)

Leire Etxazarra | eitb.com

Nafarrak jaun eta jabe izan dira eta erraz hartu dute mendean Simeoneren taldea. Atletico Madrilek ez du ezertxo ere egin eta merezita galdu du partida.

Oriol Riera eta Cejudo, Osasunaren hiru goletako bat ospatzen. Efe.

Osasunak jipoia eman dio Atletico Madrili Sadarren, gorritxoen zaleen gozamenerako. Nafarrek hiru partida daramatzate jada galdu barik eta golik jaso gabe.

Lehen zati borobila egin du Osasunak; bereziki ondo aritu dira lehen 20 minutuetan, eta ondorioz bi goleko errenta lortu du ti-ta batean. Atletico lo atera da Sadarreko berdegunera eta nafarrek ondo baino hobeto aprobetxatu dute madrildarren nahasmena.

Nafarren lehen gola 6. minutuan iritsi da, korner batean landutako jokaldian. Cejudo izan da baloia Courtoisen atean sartu eta gorritxoak aurretik jarri dituena.

Lotiesek aukera argia izan du bigarrena egiteko, baina Armenteros izan da bete-betean asmatu duena. Sekulako gola sartu du, areaz kanpotik jaurtiketa bortitza eginda. 21. minutuan Osasunak bi goleko errenta izan du jada.

Eta atsedenaldiaren atarian, Atletico jo eta ke erasoan zebilela, hirugarrena egin dute Osasunakoek, Roberto Torresek bikain amaitutako jokaldian.

Bigarren zati lasaia

Atsedenaldiaren ostean, bi taldeen erritmoak behera egin du, nabarmen, eta inork ez du jokoa denbora luzean kontrolpean izan. Baina partidak lehen zatiko bide berberari eutsi dio: Osasuna serio aritu da eta ez du aparteko arazorik izan madrildarren erasoei eusteko.

Aukera oso gutxi izan dira; Cejudok bi izan ditu, eta Raul Garciak beste bi, baina markagailuan ez da aldaketarik izan. Garaipena gorritxoentzat izan da, merezita, eta, ondorioz, jaitsiera postuetatik gehiago urruntzea lortu dute.

Fitxa teknikoa:

3 - Osasuna: Andrés Fernández, Marc Bertrán (Oier Sanjurjo, 45. min), Loties (Flaño, 79. min), Arribas, Damiá, Silva, Lolo, Cejudo (Raoul Loe, 83. min), Torres, Armenteros eta Oriol Riera.

0 - At. Madril: Courtois, Juanfran, Godin, Anderweireld, Filipe Luis; Mario Suárez (Koke, 45. min), Gabi, Diego Ribas (Arda Turan, 58. min), Adrián, Villa (Raúl García, 61 . min) eta Diego Costa.

Golak: 1-0, Cejudo (5. min). 2-0, Armenteros (20. min). 3-0, Torres (41. min).

Albisteak (3)

Informazio gehiago (1)