Itxi

BBVA Liga

Urrezko hiru puntu Osasunarentzat, aurkari zuzen baten aurka (1-2)

Leire Etxazarra | eitb.com

Gorritxoak estu eta larri izan dira azken minutuetan, lehen zatia 0 eta 2ko aldearekin amaitu duten arren. Oriol Rierak eta Arribasek egin dituzte golak

Your browser doesn’t support HTML5 video

Osasunak urrezko hiru puntu lortu ditu datorren denboraldian BBVA Ligan jokatzea ziurtatzeko. Aurkari zuzen bati, Almeriari, irabazita lortu dituzte gainera.

Nafarrek lehen zati ona jokatu dute. Jokoaren kontrola gorritxoena izan da hasiera-hasieratik eta Andresek ez du lanik izan.

Lehen gola 19. minutuan iritsi da. Oriol Rierak egin du, gorritxoek ate barrura egindako lehen errematean.

Golaren ostean, Almeria aurrera egiten saiatu da, baina andaluziarrek oso itxura kaskarra eman dute lehen 45 minutuetan. Ez dute aukera bakar bat ere sortu.

Osasunak, aldiz, bai; arriskua sortu du Estebanen arean, batez ere Marc Bertranek hegaletik egindako barnekaldiei esker. Gauzak horrela, Arribasek bigarrena egin du, buruz, 31. minutuan.

Almeriaren susperraldia

Atsedenaldiaren ostean, Almeriak gora egin du eta Osasuna estu eta larri ibili da partida osoan lehen aldiz.

Andaluziarren lanak saria izan du amaierarako 15 minuturen faltan, Fernando Sorianok gola egin eta markagailuko aldea lortu duelako.

Bi taldeek aukerak izan dituzte azken minutuetan, Almeriak Osasunak baino gehiago, baina nafarrei garaipenak ez die ihes egin. Garrantzi handiko hiru puntu lortu dituzte, jaitsiera postuetatik ihes egiteko.

Fitxa teknikoa

Almeria: Esteban; Rafita, Trujillo, Marcelo Silva (Barbosa, 69. min), Mané; Verza, Corona (Azeez, 69. min), Suso, Aleix Vidal, Soriano eta Óscar Díaz (Rodri, 61. min).

Osasuna: Andrés Fernández; Damiá, Arribas, Flaño, Bertrán; Raoul Loé, Silva, Cejudo (Oier, 73. min), De las Cuevas (Lobato, 60. min), Torres eta Oriol Riera (Acuña, 84. min).

Golak: 0-1, 19. min, Oriol Riera. 0-2, 33. min, Arribas. 1-2, 75. min, Soriano.

Albisteak (3)

Bideoak (1)