Itxi

Sadarren

Puntu gazi-gozoa eskuratu du Osasunak Valladoliden aurka (0-0)

Erredakzioa

Taldeak jarrera ona erakutsi du eta gola egiteko hainbat aukera izan ditu, baina ez du azken metroetan asmatu.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Osasunak puntu bat (0-0) eskuratu du Valladoliden aurka jokatutako 33. jardunaldiko partidan, Sadarren. Azken unera arte saiatu dira gorriak, baina ez dira gola egiteko gai izan.

Osasuna aurkaria baino gehiago izan da lehen zati osoan. Ondo zelairatu da taldea, eta berdegunean berehala aurkitu du lekua. Baina minutuek aurrera egin ahala, kostata sortu ditu arriskuko jokaldiak. Cejudok markagailua estreinatzeko gol-aukera bikaina izan du 8. minutuan, baina bere jaurtiketak langan jo du.

Lehen zatiko azken ordu laurdenean izan du Javi Graciaren taldeak gola egiteko aukera gehien. 27. minutuan 1-0ekoa sartzeko zorian izan da Oriol Riera, baina baloia kanpora bidali du, gutxigatik. Eta 29.ean, Cejudok izan du berriro ere abagunea. Baloiaren jabetza Osasunarena zen, baloia gehiago eta hobeto mugitzen ari zen, baina lehen zatia amaituta, markagailua ez da mugitu (0-0).

Bigarren zatian, area bietan sortu dute arriskua taldeek. Valladolid golaren bila atera da, eta 49. minutuan gutxigatik ez du Victor Perezek gol olinpikoa sartu, baina baloia zutoinera joan da azkenean.

Minutu bat geroago, 50.ean, talde nafarra aurreratzeko urrezko aukera izan du Alvaro Cejudok. Bakarrik geratu da Jaimeren aurrean, baina nahastu egin da, eta atezainak baloia aldaratzea lortu du.

De las Cuevasek izan du gero aukera 68.ean, eta 73.ean buruz errematatu du Oriol Rierak, baina baloia kanpora joan zaio. Amaierarako hamar minutu falta zirela, Arribasek gol-aukera izan du, baina ezin izan du buruz ondo errematatu eskuinetik heldu zaion erdiraketa.

82.ean aldaratze bat baliatu du Javi Guerrak jaurtiketa arrikutsu bat egiteko, baina Andres Fernandezen geldiketa erabakigarria izan da. Ez da gehiagorako denborarik egon. Azkenean, hutsean bukatu da partida, eta puntua ez da gora egiteko nahikoa.

Fitxa teknikoa:

0 - Osasuna: Andres Fernandez; Marc Bertran, Arribas, Miguel Flaño, Damia; Raoul Loe, Silva; Cejudo (Lobato, 69'), De las Cuevas (Oier, 78'), Roberto Torres; eta Oriol Riera (Acuña, 89').

0 - Valladolid: Jaime; Rukavina, Jesus Rueda, Mitrovic, Peña; Victor Perez (Marc Valiente, 75'), Alvaro Rubio; Larsson (Manucho, 53'), Oscar, Bergdich (Jefren, 91'); eta Javi Guerra.

Bideoak (1)