Atxikitako kontua
Osasunaren gainean zituen neurriak kendu dizkio Nafarroako Ogasunak
Erredakzioa
Jokalariei ordaintzeko dirua erabili ahal izango du klubak, eta ez dute jaitsiera administratiboarekin zigortuko.
Nafarroako Ogasunak Osasunaren gainean zituen kautelazko neurriak kendu dizkio, eta klubak jokalariei ordaindu ahal izango die. Horrela, Bigarren B mailara jaisteko arriskutik aldendu da Osasuna.
Erabakia Osasunak bere egoera ekonomikoaren inguruan aurkeztutako dokumentazioa jaso ostean hartu du Ogasunak. Horrela, jokalariei ordaintzeko dirua erabili ahal izango du klubak, jaitsiera administratiboarekin ez zigortzeko ezinbesteko baldintza.
Nafarroako Gobernuaren Ekonomia eta Ogasun sailburu Lourdes Goikoetxearentzat, “neurri hauek mantentzeak Ogasunak taldearen zorra kobratzea zailduko luke, jokalariei ezin ordaintzea eta Bigarren B mailara jaistea ekarriko lukeelako”.
Azaldu duenez, Osasunak ordainketak egingo ditu, Ogasunak zorrak ordaintzeko atxikita zituen kontuetako diruarekin.
“Osasunak Ogasunari ordainduko dio, eta beraz, kontu horretako dirua Ogasunarentzat izango da, eta momentu horretan kautelazko neurriak kenduko dira”, esan du. Goikoetxeak gogorarazi du “Bigarren B mailara jaisteak ekarriko liekeen kaltea Nafarroako kontuei handiagoa litzatekeela”.