Porrota Sadarren
Osasunak ezin izan du Ponferradina mendean hartu (0-1)
Erredakzioa
Ruben Sobrinoren gol bikainak eman dio garaipena Ponferradinari. Talde gorritxoak bederatzi gizonekin bukatu du neurketa.
Osasunak ezin izan du Ponferradina gainditu (0-1) Sadarren jokatutako Adelante Ligako 13. jardunaldiko partidan.
Nahiko parekatuak izan dira lehen zatiko aurreneko minutuak, baina bisitariak minutuek aurrera egin ahala nagusitu dira, eta Sobrinok 25. minutuan estreinatu du markagailua. Bisitarien jokaldi on batean, Ciudad Realeko jokalariak eskuinarekin gainditu du Santamaria gol ederra eginda.
Osasunak berdinketaren gola izan du helburu, baina sakontasuna falta izan zaio egindako jokaldi bakoitzean. Jan Urbanen taldea ez da eroso aritu. Hala ere, atsedenaldira heltzeko minutu baten faltan berdinketa egiteko aukera paregabea izan du Vujadinovicek. Montenegrokoaren burukadak Prietok defendatutako atearen eskuineko zutoinean jo du.
Osasunak 1-1ekoa nahi zuen, eta erasora jokatu du, baina Ponferradinaren erantzuna sendoa izan da. Apurka-apurka gorritxoek ezarritako erritmoa hustu egin da. Gauzak horrela, bisitariek baloiaren-jabetza berreskuratu dute eta bigarren golaren bila aritu dira. Partida erabakita utzi nahi zuten. Santamariaren geldiketak erabakigarriak izan dira. Ponferradinako atzelariek behin eta berriro zapuztu dituzte Osasunaren eraso saiakerak. 89.ean bigarren txartel horia erakutsi dio epaileak Olavideri.
Azken minutuetan partida berotu egin da. Osasunak berdinketa lortzeko azken gol-aukera izan du, baina aurkarien atezainak Vujadinovicen errematea gelditu du. Epaileak Vujadinovic bera kaleratu du aurkari bati burukada emateagatik. Zalantzazko erabakia izan da. Urbanen taldeak bederatzi gizonekin bukatu du norgehiagoka. Azken jokaldian, liskar txikia izan du De las Cuevasek Ponferradinako jokalari batekin, baina ez da gehiagorako denborarik egon.
0 - Osasuna: Santamaria; Echaide (Javier Flaño, 46'), David Garcia, Miguel Flaño, Vujadinovic; De las Cuevas, Maikel Mesa (Olavide, 67'); Sisinio, Roberto Torres, Kenan Kodro (Manu Onwu, 79'); eta Nino.
1 - Ponferradina: Prieto; Oscar Ramirez (Carpio, 53'), Alan, Andy, Castañeda; Jonathan, Paglialunga; Acoran (Tete, 83'), Berrocal, Pablo Infante (Adan, 78'); eta Sobrino.
Gola:
0-1, 25': Sobrino.