Polizia-operazioa
Indar Gorri taldearen aurkako polizia-operazioa egin dute
agentziak | erredakzioa
18 lagun atxilotu dituzte Iruñean eta Nafarroako beste toki batzuetan, talde kriminaleko kide izatea leporatuta.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Espainiako Polizia eta Guardia Zibila Indar Gorri talde Osasunzalearen kontrako operazioa egiten ari dira, eta oraingoz 18 lagun atxilotu dituzte Iruñean eta Nafarroako beste hainbat tokitan.
Indar Gorrik Facebook sare sozialean salatu duenez, "razzia-polizial bat abiatu dute" eta "hainbat kide" atxilotu dituzte talde kriminaleko kide izatea leporatuta.
Fermin Otamendi Iruñeko 2. Instrukzio Auzitegiko burua ari da zuzentzen operazioa, eta sekretupean jarri ditu ekintza guztiak.
Ikerketako iturrien arabera, agenteek taldearen egoitza eta beste higiezin batzuk miatuko dituzte, futboleko indarkeriarekin lotutako ikerketa baten baitan.
Horren ildotik, Segurtasun Indarrek lokal bat miatu dute jada Iruñeko Azpilagaña auzoan. Atxilotuetako bat eta instrukzio-epailea bertan izan dira.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko iturriek adierazi dute atxilotuei talde kriminaleko kide izatea eta hainbat erasotan egindako lesio delituak leporatzen dizkietela.
Aipatu iturriek azpimarratu dute ez dela Indar Gorriren kontrako operazio bat, baizik eta "kide jakin batzuen" kontrakoa, "gutxiengo biolento" baten aurkakoa, hain zuzen ere.
Atxilotuak komisaldegian daude, eta litekeena da epailea bihar hastea deklarazioa hartzen.
Bestalde, Indar Gorrik elkarretaratzea deitu du 19:15erako Nabarreria Plazan, eta bertan emango du informazio gehiago.
rmazio gehiago.