Monreal baja da derbirako
Etxaide (Osasuna-Athletic): "Edozein postutan jokatzeko prest nago"
Asier Legarda
Taxoare
Huescatik berreskuratu jokalariak ordezkatu dezake zigorra bete beharrean den Monreal.
Osasunak datorren astelehenean Athleticen aurka Nafarroako Erresuman jokatu beharreko partidan aurkez dezakeen berritasunetako bat Jon Etxaideren sarrera izan daiteke. Natxo Monrealek partida bateko zigorra bete beharko du txartel pilaketaren ondorioz eta Osasunak neguko fitxaketa epean Huescatik berreskuratu Jon Etxaide izan daiteke ezker hegalekoaren ordezkoa Joaquin Caparrosen mutilen aurkako norgehiagokan.
Etxaidek Ligako partida bakarra jokatu du itzuliz gerotik, Sanchez Pizjuaneko lehian eskuin hegaleko atzelari lanak egin zituen, orduan Azpilikueta zelako zigorra bete beharrean zen jokalaria. "Defentsako lau postuetako edozeinetan jokatzeko prest nago. Oso partida garrantzitsua da, irabaztea erabakigarria izan daiteke salbazioa ziurtatzeko lehian eta gogotsu gaude. Partida gogorra izango da, bi taldeon artean lehia handia baitago. Hargatik, etxean jokatzen dugu eta ezin dugu kikildu", adierazi du atzelari gorritxoak.