Itxi

Oviedori irabazita

Osasunak igoera playoffak jokatuko ditu

Erredakzioa

Gorritxoek 0-5 irabazi diote Oviedori eta Gironak Ponferradinaren aurka garaipena lortu duenez, igoera lortzeko aukera izango du. Playoffetako finalerdietan Nastic izango dute aurkari nafarrek.

Osasuna, playoffetara sailkatu dela ospatzen. Argazkia: EiTB

Osasunak 0-5 irabazi dio Oviedori Carlos Tartieren Adelante Ligako azken jardunaldiko partida eta igoera playoffetara sailkatzea lortu du. Playoffetako lehen kanporaketan Nastic izango dute aurkari gorritxoek.

Nafarroako taldea gogotsu eta garaipenaren bila atera da Carlos Tartiereko berdegunera eta laugarren minutuan iritsi da gorritxoen lehen abagunea, baina David Garciaren erremateari erantzun bikaina eman dio Esteban atezainak. Bost minutu beranduago Estebanek beste gelditu on bat egin du, oraingoan Kenan Kodroren aurrean, eta 0-1ekoa eragotzi du. Nafarroako taldea jaun eta jabe izan da, eta abagune mordoa huts egin ditu: Ninok aukera argia huts egin du, De las Cuevas 0-1ekoa sartzetik gertu egon da, eta Kenan Kodrok ere gola sartzeko beste abagune argi bat izan du, baina ezin Oviedoren atea zulatu. Asturiaseko taldeak 25. minutuan izan du lehen zatiko abagune bakarra, baina Omgbaren jaurtiketa kanpora joan da. Oviedoren abagunearen aurrean Osasuna ez da kokildu eta erasora jotzen jarraitu du. Ekinak saria jaso du atsedenaldia baino lehen, 37. minutuan; Kenan Kodrok Roberto Torresen pasea jaso eta 0-1ekoa sartu du Esteban gaindituta. Gol bateko abantailarekin iritsi dira gorritxoak atsedenaldira.

Bigarren zatia hasi eta lasterrean Oviedo hamar jokalarirekin geratu da, eta epaileak Osasunaren aldeko penaltia adierazi du. Roberto Torresek ez du penaltia huts egin eta 0-2koa sartu du. 74. minutuan berriro Roberto Torres izan da golegilea, 0-3koa sartuta. Une horretan Osasuna playoffetatik kanpo egon da beste emaitza batzuk ikusita, baina Gironak gola sartu du Ponferradinaren aurka eta horrek playoff postuetan uzten izan du Osasuna. Gorritxoek beste bi gol sartu dituzte partidaren azken txanpan Oierren (0-4) eta Urko Veraren (0-5) bitartez eta Gironak Ponferradinaren aurka garaipena lortu duenez, seigarren postuan bukatu du denboraldia Osasunak. Zaragozak 6-2 galdu du Llagosteraren aurka eta playoffetatik at geratu da; Alcorconek, aldiz, 4-1 irabazi du, baina ez dio playoffetan sartzeko balio izan.

Osasunak asteazkenean, ekainaren 8an jokatuko du igoera faseko lehen kanporaketako joaneko partida, 20:00etan, Sadarren eta itzulerakoa Tarragonan jokatuko da larunbatean, ekainaren 11n, 18:00etan.

Fitxa teknikoa:

0 - Real Oviedo: Esteban; Bautista (Peña, m. 46), Josete (Josín, m. 48), David F., Bautista; Hervias, Hector, Omgba, Viti; Cervero eta Toche (Kone, m. 66).

5 - CA Osasuna: Nauzet, Javi Flaño, M. Flaño, David Garcia, Oier, Nino, Merino, Torres, Kenan (Manuel S. 66), De las Cuevas (Urko Vera, m. 86) eta Pucko (Tano, m. 81)

Golak: 0-1, M. 37: Kenan Kodro; 0-2, M.49: R. Torres (p.); 0-3, M. 76: R. Torres; 0-4, M. 86: Oier; 0-5, M. 91: Urko Vera.

Epailea: Arias Lopez, Francisco Manuel.

 

Albisteak (3)