Itxi

Gironari irabazita

Osasuna, Lehen Mailara!

Erredakzioa

Gorritxoek 0-1 irabazi dute Gironaren aurka Lehen Mailara igotzeko playoffetako joaneko partida eta itzulerakoa 2-1 irabazi zutenez, mailaz igotzea lortu dute.

Osasunako jokalariak igoera ospatzen. Argazkia: EFE

Osasunak Lehen Mailara igotzea lortu du Gironari igoera playoffetako kanporaketa irabazita. Gorritxoak BBVA Ligan izango dira datorren denboraldian. Itzulerako partida 0-1 amaitu da, eta joanekoa Osasunak 2-1 irabazi zuenez, igoera lortu du talde nafarrak.

Lehen zatia parekatua eta abagune gutxikoa izan da. Girona hobeto zelairatu da, baina ez du Nauzetek defendatutako ate aurrean abagune argirik sortu. Osasuna sendo mantendu da defentsako lanean eta erasoan ezer gutxi egin duen arren, ez du estuasunik pasa lehen 45 minutuetan.  Merinok buruz egin duen errematea izan da gorritxoek eduki duten abagune onena.

Bigarren zatiari ondo ekin dio Osasunak. Girona baino hobeto zelairatu da Montiliviko berdegunera eta 48.  minutuan 0-1ekoa sartu du talde gorritxoak. Kenan Kodro izan da golegilea. Osasunako aurrelariak Manuel Sanchezen pasea jaso eta Becerra atezaina gainditu du. Golarekin maldan behera jarri zaio partida Osasunari, baina Gironaren erantzuna 62. minutuan etorri da; Sobrinoren jaurtiketa, ordea, gurutzatuegi kanpora joan da. Partidako azken 25 minutuetan Gironak erasora jo du bi gol behar zituelako luzapena behartzeko eta 78. minutuan Lekicek langara bidali du errematea. Hurrengo jokaldian Gironak gola sartu du, baina epaileak baliorik gabe utzi du talde kataluniarraren gola, errematatzailea jokoz kanpo egon delako. Azken minutuetan Gironak ez du abagune argirik sortu, baina urduritasuna nabarmena izan da. Epaileak Enrique Martin Monreal entrenatzailea egotzi du 86. minutuan eta hurrengo minutuan Lejeune Gironako jokalaria ere egotzia izan da. Osasunak ondo eutsi die aurkariaren erasoei, garaipenak ez dio ihes egin eta Lehen Mailara igo da.

Fitxa teknikoa:

0 - Girona FC: Isaac Becerra; Aday (Javi Alamo, min.70), Kiko Olivas, Richy (Lekic, min.74), Lejeune, Clerc; Pere Pons, Granell, Borja García; Cristian Herrera (Mata, min.70) eta Sobrino.

1 - Osasuna: Nauzet Perez; Oier, Tano, Miguel Flaño, David Garcia, Javi Flaño; Roberto Torres (Mino, min.72), Manuel Sanchez, Merino; De las Cuevas (Maikel Mesa, min.57) eta Kodro (Unai Garcia, min.75).

Gola: 0-1, m.48: Kodro.

Epailea: Francisco M. Arias Lopez.

Albisteak (3)