2-2, Sportingen aurka
Porrot zaporea duen berdinketa Osasunarentzat
Erredakzioa
Gorritxoek aurrea hartu dute markagailuan Kodrok sartutako bi golei esker, baina asturiarrek neurketa berdindu dute hiru minututan bi gol sartuta.
Osasunak bina (2-2) berdindu du Sportingen aurka Sadarren eta salbzioa lortzeko ametsa zapuztu egin zaio talde gorritxoari. Bost jardunaldi falta dira, eta salbazioa 9 puntura du Nafarroako taldeak.
Norgehiagokako zortzigarren minutuan Vujadinovicek min hartu eta John Steven sartu da bere ordez. Osasuna ondo ibili da lehen minutuetan eta 18. minutuan gola sartu du talde gorritxoak (1-0). Roberto Torresek pasea eman eta Kenan Kodrok sartu du gola. Sei minutu beranduago Copek abagune bikaina izan du, baina Sirigu atezainaren aurrean kanpora bidali du jaurtiketa. Ondorengo minutuetan bi taldeetako batek ere ez du abagunerik sortu.
Bigarren zatia parekatua izan da, eta abagune gutxikoa. 70. minututik aurrera etorri dira partidako une onenak. Osasunak bigarren gola sartu du 71. minutuan Kenan Kodroren bitartez (2-0). Gorritxoek garaipena lortuko dutela ematen izan du, baina Sporting kemetsu ibili da, ez du etsi eta aldeak murriztea lortu du 79. minutuan Canellaren golari esker (2-1). Bi minutu beranduago, talde asturiarrak lehia berdindu du Castrok sartutako golarekin (2-2). Azken minutuak joan-etorrikoak izan dira, eta Sportingek hirugarren gola sartzeko aukera izan du; Sirigu atezainak, ordea, gola eragotzi du Castroren jaurtiketa desbideratuta. Amaieran, binako (2-2) berdinketa eta puntu bana talde bakoitzarentzat.
Fitxa teknikoa:
2 - Osasuna: Sirigu; Aitor Buñuel, Oier, Vujadinovic (Steven, m.9), Fuentes, Clerc; Roberto Torres (De las Cuevas, m.75), Fausto Tienza (Fran Mérida, m.56), Causic; Kenan eta Sergio Leon.
2 - Real Sporting: Cuellar; Douglas, Babin, Jorge Mere, Canella; Mikel Vesga; Carmona (Victor Rodriguez, m.63), Sergio Alvarez (Carlos Castro, m.70), Moi Gomez, Burgui (Afif, m.89); eta Cop.
Golak: 1-0, m.19: Kenan. 2-0, m.72: Kenan. 2-1, m.79: Canella. 2-2, m.81: Carlos Castro.
Epailea: Gil Manzano.