Itxi

Iberostar estadioan

Mallorca-Osasuna (2-0): Nafarren porrota

Erredakzioa

Camachoren mutilek ezin izan dute punturik atera Mallorcaren aurka. Osasunak ez ditu gol aukera garbiak sortu eta etxeko taldeak ez du barkatu.

Osasunak ezin izan du Mallorca etxetik kanpo gainditu, partida pattal baten ostean. Etxekoek erraz erabaki dute partida, gorritxoek ez baitituzte aukera garbiak sortu. Baleareetako taldearen golak, Castrok (24. minutuan) eta De Guzmanek (90. minutuan) egin dituzte.

Nafarrek erritmo gutxiz hasi dute lehen zatia eta baloiaren jabetza Mallorcarena izan da partidako lehen minutuetan. Etxekoak Ricardoren atera arriskuz heltzen hasi dira, baina aukerak ez dira argiak izan. 24. minutuan Miguel Flañok eskuaz jo du baloia bere area barnean eta epaileak penaltia adierazi du. Castrok jaurti du hamaika metroetatik eta 1-0ekoa lortu du Mallorcarentzat. Osasunak hobeto jokatu du markagailuan atzetik joan denean eta abagune batzuk sortu ditu Luxen ate inguruan. Horietatik argiena, Pandianirena izan da, baina uruguaitarraren burukada kanpora joan da, gutxigatik. Atsedenaldira, Camachoren mutilak atzetik joan dira markagailuan, 1-0.

Bigarren zatian ondo irten dira nafarrak, presio handia eginez, eta Lekicek aukera paregabea izan du berdinketa lortzeko. Hala ere, aurrelari gorritxoaren jaurtiketa desbideraturik kanpora joan da. Osasunak gola bilatu zuen bigarren zatian, baina gorritxoen erasoa ez da iazkoa bezain eraginkorra izan. Camachok Aranda eta Ruper zelairatu ditu Lekic eta Vadoczen ordez eta Iruñeko taldeak pisua irabazi du erasoan.

Nafarren aukera onena, Damiak izan du 85. minutuan baina bere jaurtiketa desbideraturik joan da zutoin ondotik. Azken minutuetan norgehiagoka joan-etorri bat izan da eta Mallorcak kontraeraso bat aprobetxatu egin du, 90. minutuan 2-0ekoa jartzeko (De Guzman).

Fitxa teknikoa:

2- Mallorca: Lux; Cendros, Ruben, Ramis, Kevin; Nsue, Marti, De Guzman, Castro (Pina, min. 89); Victor (Pereira, min.77) y Cavenaghi (Webo, min. 66).

0-Osasuna: Ricardo; Nelson, Lolo, Miguel Flaño, Monreal; Juanfran, Puñal, Vadocz (Ruper, min, 73), Camuñas (Damia, min. 81); Pandiani y Lekic (Aranda, min. 73).

Golak: 1-0, min. 24: Castro; 2-0, min. 93: De Guzman


Informazio gehiago (1)