Itxi

Reyno de Navarra

Osasuna-Levante (1-1): Sari eskasa nafarrentzat

Erredakzioa

Gorritxoek Levantek baino gehiago egin dute partidan zehar eta bisitariek egin duten jaurtiketa bakarrean egin dute gola.

Osasunak eta Levantek bana egin dute Reyno de Navarra futbol-zelaian. Etxekoek gehiago merezi izan dute. Pandianik egin du gorritxoen gola 72. minutuan, eta Sergiok 79an bisitariena.

Lehenengo zatia ez da batere ona izan. Levantek ez du jokatu nahi izan, eta Osasunak, nahi baina ezin. Valentziarrak atzean sartu dira lotsagabe berdinketa defendatzeko eta kontrerasora irteteko, etxekoek gogotsu jardun dute baina ideia argirik gabe. Era honetan, ez da ia aukerarik izan lehenengo zatian.

Bigarren zatiko lehenengo minutuetan partidak berdin-berdin jarraitu du, baina 60. minutuan Osasunak partida itxuraldatu du.

Sorianok eta Pandianik gorritxoen asmoak azaldu dituzte bi errematerekin, ondoren Juanfranek Reina lanean jarri du jaurtiketa batekin.

Gola jarraian etorri da. Levanteko atzelariak nahastu egin dira, Sorianok baloia borrokatu du eta Pandianik eskuinkada batekin gola egin du.

Osasunak dena alde zuela ematen zuen, zailena egina baitzuen. Baina gorritxoek bi puntu galdu dituzte defentsan makal izateagatik. Baloia Sergiori heldu zaio, eta areaz kanpotik egindako jaurtiketa batekin banakoa egin du.

Fitxa teknikoa:

1 - Osasuna: Ricardo; Damiá (Nelson, 86''), Miguel Flaño, Josetxo, Monreal; Juanfran, Puñal, Soriano (Vadocz, 85''), Camuñas; Pandiani eta Aranda (Lekic, 67'').

1 - Levante: Reina; Javi Venta, Ballesteros, Nano, Del Horno; Valdo (Xisco Nadal, 75''), Sergio, Xavi Torres, Xisco Muñoz (Juanlu, 68''); Rubén (Stuani, 75'') eta Rafa Jordá.

Golak: 1-0, 72'': Pandiani. 1-1, 79'': Sergio.