Liga 123
Osasunak 'kexu formala' jarriko du Nasticen aurkakoa bertan behera geratzeagatik
Erredakzioa
Klubak ohar baten bitartez jakinarazi du partidako eguneko gertaeren kronologia. Elurrak baloia zelaitik ondo ibiltzea ez zuela galarazten azpimarratu du.
Osasunak 'kexu formala' jarriko du dagokion instantzietan, Sadarren Gimnastic Tarragonaren aurkako partida bertan behera geratu izanagatik, elurra dela eta. Gainera, zelaira gerturatu ziren 9.000 "bazkideei eta zaleei eragindako eragozpenak" gogoratu nahi izan ditu.
Nafarroako klubak ohar bat atera du ostiraleko gertakizunen kronologia kontatuz. "Klubeko langileek lan handia egin dute berdegunean zegoen elurra kentzeko, baina partida hasi baino minutu batzuk lehenago, zelaia berriro elurrezko kapa fin batekin estali da".
"Partida bertan behera geratzeko erabakia Luis Mario Milla Alvendiz epaileak hartu du", gogoratu du Osasunak. Gainera, ohartarazi du, "elurrezko kapa fin horrek ez du eragotzi baloia berdegunetik ondo ibiltzea, bi taldeek egindako beroketa-saioetan ikusi ahal izan den bezala".
Klub gorritxoak dioenez, "behin partida bertan behera geratzearen erabakia hartu ostean, Osasunak proposatu du norgehiagoka 24 ordu beranduago jokatzea, larunbatean, araudiak baimentzen duen legez, baina proposamenari ezezkoa eman dio Club Gimnastic Tarragonak, ez baitu asteburu honetan jokatu nahi izan".
Osasunak bazkideei eta zaleei adierazi die, klubak "ahal izan duen guztia" egin duela "partida joka zedin" eta "barkamena" eskatu nahi izan die "klubari ez dagokion erabaki batek eragin dizkien kalteengatik". Gainera, Osasunak eskerrak eman nahi izan dizkie "Sadarrera gerturatu diren gorritxo guztiei, eguraldi txarra dela medio estadiora joateagatik".