Sardinero futbol-zelaia
Racing-Osasuna (4-1): Gorritxoak ezinean
Jon Lopez
Erredakzioa
Porrot mingarria jaso du Camachoren taldeak Santanderren. Kennedyk, Torrejonek eta Rosenbergek (2) kantabriarren golak egin dituzte. Nekounamek gorritxoen gola egin du penalti puntutik.
Santandergo Racingek Osasuna jipoitu du (4-1) Sardinero futbol-zelaian Rosenberg (2), Kennedy eta Torrejonen golekin. Gorritxoen gol bakarra Javad Nekounamek egin du penalti jaurtiketa batekin.
Lehenengo zatiaren hasierak ez du aipatzeko jokaldi askorik izan. Partida gora-behera askorik gabeko bidetik joan da. Ate inguruetara inolako arriskurik gabeko gerturatzeak eta Sardineroko zaleen oihuak Miguel Angel Portugal etxekoen entrenatzailearen aurka, aipatzeko bakarrak.
Baina 26. minutuan etxekoek, merezi gabe, norgehiagokako lehen gola egin dute. Kennedyk, areaz kanpotik, Ricardo gainditu du. Ez da fin ibili gorritxoen atezaina.
Bederatzi minutu geroago, Rosenbergek etxekoen bigarrena egin du, berriz ere areaz kanpotik egindako jaurtiketa batekin eta 2-0ekoa jarri du Sardineroko markagailuan. Gehiegizko saria Racingentzat eta kolpe latza gorritxoentzat.
Une horretatik aurrera, Camachoren jokalariak noraezean ibili dira eta Racing aise nagusitu zaie zelaia aldapa behera egongo balitz bezala.
Bigarren zatian Osasunak Torrejonek eskuarekin baloia jotzeagatik egindako penaltia aurkitu du. Nekounamek ez du penalti-jaurtiketa huts egin. 58. minutua zen eta neurketa erabat aldatzen zen: 2-1 markagailuan eta minutu asko jokatzeke.
Nafarren poztasun neurtuak ez du gehiegi iraun. Hiru minutu geroago Rosenbergen gol batek bi goleko errenta itzuli die kantabriarrei (3-1).
Markagailuan Racing nagusi zen argi eta garbi, baina futbol-zelaian partida jaberik gabe gelditu da eta aukerak batean zein bestean izan dira. Torrejonen gol batek, baina, partida itxi du 4-1ekoa jarrita.
Racing:&' || 'nbsp;Toño; Cisam, Torrejón, Henrique, Francis; Colsa, Diop, Kennedy, Munitis, Rosenberg eta Ariel.
Osasuna: Ricardo; Damiá, Lolo, Miguel Flaño, Monreal; Puñal, Nekounam, Juanfran, Soriano, Masoud, eta Aranda.
Golak:* 1-0, Kennedy (26'')
* 2-0,&' || 'nbsp;Rosenberg (35'')
* 2-1,&' || 'nbsp;Nekounam (56'')
* 3-1,&' || 'nbsp;Rosenberg (62'')
* 4-1, Torrejón (84'')