1-1
Osasunak berdindu egin du Granadaren aurka
eitb.eus
Talde gorritxoak bana (1-1) berdindu du Carmenes zelaian. Xiscok sartu du partidako lehen gola eta Montorok lortu du neurketa berdintzea.
Osasunak bana (1-1) berdindu du Granadaren aurka, 123 Ligako 34. jardunaldiari dagokion partida. Puntu bat eskuratu arren, talde gorritxoak atzerapausoa eman du igoera playoffetan sartzeko lehian.
Partida erritmo biziarekin hasi da, baina bi taldeei asko kosta zaie abagune argiak sortzea. Neurketako 10. minutuan izan du gola sartzeko aukera Osasunak, baina Varas atezainak ondo geratu du Xiscoren errematea. Granadaren erantzuna 25. minutuan etorri da; Sergio Peñaren jaurtiketa, ordea, kanpora joan da. Atsedenaldiria iritsi orduko, lehen zatiaren amaieran, Pierre Malong Granadako jokalariaren erremateak langa jo du, eta baloia ez da gutxigatik sare barrura sartu.
Bigarren zatiaren hasieran, neurketako 47. minutuan, lortu du aurrea hartzea Osasunak; Xiscok 0-1ekoa sartu du, area barruan egin duen errematea sare barrura bidalita. Golaren ostean, Granadak berdinketaren bila jo du, eta Osasunari sufritzea egokitu zaio. Neurketako 64. minutuan, etxeko taldeak saria jaso du Angel Montorok sartutako golari esker (1-1). Granadako jokalariak amaiera bikaina eman dio Pedro Sanchezengandik jaso duen paseari.
Norgehiagokako azken txanpan, bi taldeek izan dituzte abaguneak, baina bi atezainak bikain ibili dira, eta bietako batek ere ez du lortu aurkariaren atea bigarrenez zulatzea. Ondorioz, berdinduta bukatu da neurketa eta puntu bana talde bakoitzarentzat.
Fitxa teknikoa:
1 - Granada CF: Javi Varas; Victor Diaz, Chico Flores, German (Pedro, m.60), Alex Martinez; Alberto Martin, Montoro (Raul Baena, m.80); Sergio Peña (Joselu, m.60), Kunde, Antonio Puertas; eta Manaj.
1 - Osasuna: Sergio Herrera; Javier Flaño, Oier, Unai Garcia, Clerc; Fran Mérida, Arzura, Borja Lasso (Roberto Torres, m.87), Kike Barja (Aridane, m.69); Xisco eta Quique (David Rodriguez, m.74).
Golak: 0-1, m.48: Xisco. 1-1, m.65: Montoro.
Epailea: Lopez Toca.