Itxi

Reyno de Navarra

Osasuna-Getafe (0-0): Golik gabe ez dago saririk

Erredakzioa

Nafarrek ezin izan dute, beste behin ere, golik egin eta puntu bakarra eskuratu ahal izan dute etxean jokatutako neurketan.

Osasunak eta Getafek golik gabe berdindu dute Reyno de Navarra futbol-zelaian jokatutako 18. jardunaldiko neurketan. Camachorenek gol falta nabarmena dute eta ezin izan dute Codina atezaina gainditu.

Lehenengo zatia Getaferentzat izan da. Hala ere, Osasunak gol-aukera garbia izan du bosgarren minutuan, baina ezer gutxi gehiago. Sormen lerroa ez da ondo aritu, Getafek ondo egin du presioa eta baloia gorritxoen atzealdera eraman du, urduritasuna sortuz gorritxoen atzeko lerroan.

Talde madrildarrak aukera franko izan ditu atsedenaldira abantailarekin heltzeko, baina Ricardoren gelditu bikainek gola saihestu ditu. 38. minutuan Parejoren jaurtiketari eskua sartu dio bikain eta ondoren, 43.ean oinarekin atera du Arizmendiren errematea.

Bigarren zatian Osasunak aurpegia aldatu dio partidari eta baloiaren jabetza hartu du eta jokoaren ekimena bere egin du.

Bigarren zati honen hasieran agertu da Juanfran. Alacantekoak, Osasunarekin jokatutako azken partidan -Atletico Madrileña alde egingo baitu-, bi jaurtiketa arriskutsu egin ditu areaz kanpotik.

Lolok ere bere aukera izan du, baina ez du asmatu. Getafek berriz ere nagusitasuna hartu du azken txanpan eta lanean jarri du Ricardo gorritxoen atezaina. Hala ere, azken aukera Osasunarena izan da, baina Walter Pandianik ez du asmatu buruz egindako errematearekin.

Fitxa teknikoa:

0 - Osasuna: Ricardo; Damiá, Sergio, Miguel Flaño, Nelson; Puñal, Lolo (Pandiani, 67''); Juanfran, Vadocz, Camuñas (Calleja, 82''); eta Aranda (Lekic, 67'').

0 - Getafe: Codina; Miguel Torres, ''Cata'' Díaz, Rafa, Mané; Parejo (Mosquera, 91''), Boateng; Pedro Ríos, Manu, Gavilán (Víctor Sánchez, 85''); eta Arizmendi (Albín, 86'').