8. JARDUNALDIA
Osasunak eta Zaragozak berdindu egin dute Romaredan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gorritxoek penalti bat alperrik galdu dute lehenengo zatian, baina partida irabaztea merezi izan dute bigarrenean erakutsitako jokoarengatik.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Osasunak eta Zaragozak puntuak banatu dituzte astelehen honetan, Romaredan jokatu den 1,2,3 Ligako zortzigarren jardunaldiko partidan.
Talde bakoitza neurketako zati batean izan da nagusi. Lehenengoan, etxekoak gailendu dira; haatik, aukerarik onena gorritxoek izan dute, 21. minutuan.
Diogo Verdasca Zaragozako atzelariak falta egin dio area barruan Brandon aurrelari gorritxoari. Epaileak penaltia adierazi du, baina Cristian Alvarez etxekoen atezainak asmatu egin du Brandonek nora botako zuen jaurtiketa.
Lehen zatiko ordu erdia pasatu ondoren, Verdasca portugaldarrak aurretik jarri du Zaragoza, korner batean.
Bigarren zatian, Osasunaren txanda heldu da. Brandonek penaltian egindako hutsa ahazteko parada izan du, Roberto Torresek eskuzabaltasunez eman dion baloi bat sare barrura bota duenean.
Jagoba Arrasateren taldeak partida irabazteko aukerak sortu ditu, batez ere Ruben Garcia aurrelariaren eskutik, baina ez da golik sartzeko gai izan, bi aukera nabarmen izan dituen arren.
Horrenbestez, Osasunak bigarren berdinketa jarraian lortu du, baina etxetik kanpo puntu bat pilatzea erdietsi du denboraldi honetan lehen aldiz.
Fitxa teknikoa:
Zaragoza 1: Cristian Alvarez; Alberto Benito, Perone, Verdasca, Lasure; Eguaras (James, 70. min), Javi Ros, Zapater, Pombo; Alvaro Vazquez eta Marc Gual (Soro, 31. min).
Osasuna 1: Ruben; Lillo, Unai Garcia, Aridane, Clerc; Oier; Kike Barja (David Garcia, 87. min), Luis Perea (Torres, 63. min), Iñigo Perez (Fran Merida, 46. min), Ruben Garcia; eta Brandon.
Golak: 1-0: 38. min, Verdasca; 1-1: 65. min, Brandon.
Epailea: Sagues Oscoz. Txartel horiak: Verdasca, Soro, Pombo, Raton eta Zapater (Zaragoza); Aridane (Osasuna).