Reyno de Navarran
Osasuna-Mallorca (1-1): Puntu bat gorritxoentzat
Josu Bilbao
Erredakzioa
Nafarrak aurretik jarri dira Miguel Flañoren golari esker, baina Castrok berdinketa lortu du atsedenaldia baino lehen. Bigarren zatian ia ez da gol aukerarik egon.
Camachoren taldeak ezin izan du garaipena lortu Mallorcaren aurka. Gorritxoek ondo hasi dute norgehiagoka 8. minutuan Miguel Flañok lortutako golari esker, baina lehen zatiko 37. minutuan Castrok azken 1-1ekoa jarri du. Bigarren zatian gol aukera gutxi izan dira bi aldeetan.
Osasunak ondo hasi du norgehiagoka eta Mallorca bere zelai erdian azkar sartzea lortu du. Partidako 8. minutuan gorritxoek 1-0ekoa lortu dute Miguel Flañoren golari esker. Atzelari nafarrak aldaratze bat hartu du area txikian eta bere golari esker Camachoren mutilek konfiantza hartu dute. Markagailuko abantailarekin Osasuna eroso egon da zelaian eta Laudrupen taldeak asko sufritu du defentsan. Nsuek aukera ederra izan du 16. minutuan, baina Ricardo adi egon da ate azpian jaurtiketa desbideratuz.
Gorritxoek aukera ona izan dute 21. minutuan Camuñasen jaurtiketa bati esker, baina Aouatek ondo gelditu du jokalariaren zartakoa. Mallorca jokoan sartzen joan da eta 36. minutuan ‘Chori’ Castrok berdinketaren gola lortu du, nafarren defentsa ezustean hartuz. Atsedenaldira partida oso zabalik joan da 1-1eko berdinketarekin.
Bigarren zatian Camachoren mutilak ez dira eroso egon zelaian eta Baleareetako taldeak norgehiagokaren pisua hartu du, baloiaren jabetza kontrolatuz. 65. minutuan Panidanik aukera ona izan du eskuinkada batekin, baina bere jaurtiketa gutxigatik joan da kanpora. Osasuna hobeto egon da Pandianiren aukeraren ondoren, baina Iruñeko taldea ezin izan da Aouateren ate ingurura arriskuz heldu.
Michael Laudrupen mutilek ere aukera pare bat izan dituzte, baina nafarren defentsa sendo mantendu da bigarren zati osoan zehar, erdiraketa guztiak desbideratzen. 43. minutuan Pandiani uruguiatarrak 2-1ekoa lortzeko aukera izan du, baina Aouatek ederki desbideratu du bere jaurtiketa. Azkenean, puntu banaketa izan da Reyno de Navarran, gol aukera gutxiko partida batean.
- Fitxa teknikoa:
1 - Osasuna: Ricardo; Nelson, Sergio, Miguel Flaño, Monreal; Puñal, Soriano (Vadocz, m.61); Coro (Calleja, m.61), Pandiani, Camuñas; eta Aranda (Lekic, m.83).
1 - Mallorca: Aouate; Cendros, Ruben, Ramis, Kevin; Marti, Tejera (Aki, m.67); Pereira, De Guzman, Castro (Sergi, m.73); eta Nsue.
Golak: 1-0, m.8: Miguel Flaño. 1-1, m.37: Castro.