123 LIGA
Osasuna lider jarri da behin-behinean, Molinonen irabazi eta gero (0-2)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gorritxoek 33 denboraldi zeramatzaten Sportingen etxean irabazi ezinda.
Osasunak laugarren garaipena kateatu du ostiral honetan, eta Bigarren Mailako lider jarri da 25. jardunaldiari hasiera eman dion norgehiagoka jokatu ondoren. Jagoba Arrasate bizkaitarrak entrenatzen duen taldea 0-2 gailendu zaio Sporting Gijoni, Oierrek eta Roberto Torresek sartutako golei esker.
Talde gorritxoak 33 urte zeramatzan Molinon futbol-zelaian irabaztea zer zen jakin gabe, baina gaurkoan nagusi izan da, eta garbi erakutsi du Lehen Mailara igotzeko hautagai nagusietako bat dela.
Partidako lehen gola Oierrek lortu du, atsedenaldira heltzeko minutu gutxi geratzen zirenean. Bigarren gola, berriz, amaierara iristeko 20 minuturen faltan ailegatu da, Torresen eskutik. Erasoko jokalariak partidan zehar izan duen bigarren abagune argia izan da golekoa; izan ere, lehendabiziko aukeran, huts nabarmena egin du, bakarrik eta atezainik gabe zegoela.
Partidaren azken txanpan, nafarrek sendo jarraitu dute, etxekoei aukerarik aitortu gabe, eta, hartara, hiru puntuek Iruñeko bidea hartu dute beste behin. Osasunak zazpi garaipen erdietsi ditu jokatu dituen azken zortzi partidetan.
Horrenbestez, gorritxoek Bigarren Mailako lehen postura arte egin dute jauzi behin-behinean. Jardunaldiko beste norgehiagoketan zer gertatzen den zain geratuko dira asteburuan zehar, Albacetek, Granadak edota Malagak aurre har baitiezaiekete.
Fitxa teknikoa:
Sporting 0: Mariño, Geraldes, Peybernes (Cordero, 44. min), Alex Perez, Canella, Cristian Salvador, Aitor Garcia, Hernan Santana (Robin Lod, 75. min), Nacho Mendez, Ivi Lopez (Alex Alegria, 45. min) eta Djurdjevic.
Osasuna 2: Ruben Martinez, Nacho Vidal, David Garcia, Unai Garcia, Clerc, Oier, Fran Merida, Roberto Torres, Ruben Garcia (Luis Perea, 82. min), Rober Ibañez (Kike Barja, 75. min) eta Brandon (Xisco, 88. min).
Golak: 0-1, 37. min: Oier. 0-2, 69. min: Torres.
Epailea: Ais Reig. Txartel horiak: Djurdjevic (Sporting); David Garcia (Osasuna).