Garaipena Sadarren
Osasunak Albaceteri irabazi dio eta igoera gero eta gertuago dauka (2-0)
Agentziak | Erredakzioa
Unai Garciak eta Roberto Torresek egin dituzte nafarren golak. Osasunak 9 puntuko aldea dauka orain Granadarekin eta Albaceterekin.
Osasunak 14. garaipena jarraian lortu du Sadarren eta dagoeneko bederatzi puntuko aldea du igoera zuzenean lortzeko lehian sartuta dauden aurkarietako batekin, Albaceterekin. Albacetek bederatzi jokalarirekin amaitu du partida, Dani Torresek eta Zozuliak bina txartel ikusi dituztelako.
Jagoba Arrasateren taldea neurketaren kontrol hartzen joan da, minutuek aurrera egin ahala, eta erasoan Albacete baino hobeto eta eraginkorrago aritu dira.
Juan Villarrek eta Rober Ibañezek aukerak izan dituzte Tomeuren atea zulatzeko, eta epaileak ere gol bat balio barik utzi du Albaceteko atezainari falta egin diotela erabaki duelako.
Bigarren zatian Albacetek hobera egin du, baina Osasunak ez du lekua galdu eta golaren bila aritu dira jo eta ke.
Epaileak Dani Torres kalera bota du 64. minutuan bigarren txartela aterata, Rober Ibañezi egindako falta baten ondorioz. 69ean, Unai Garciak gola egin du, txilenaz, Tomeuk Perearen burukada bat aldaratu ostean.
Partida are zailagoa jarri zaie kanpotarrei epaileak 76. minutuan Zozuliari bigarren txartel horia atera dionean Rober Ibañezen jaurtiketa bata area barruan eskuarekin urruntzearekin. Penaltia Roberto Torresek jaurti eta sartu du.
Albacete, bederatzi jokalarirekin, Osasunari eusten saiatu da, eta ezer gutxi gehiago egiteko aukera izan du. Garaipena etxean geratu da, eta iruindarrek gero eta gertuago dute Lehen Mailara zuzenean igotzea.
Fitxa teknikoa
2 - Osasuna: Rubén Martínez; Nacho Vidal, Unai García, David García, Clerc; Roberto Torres, Perea, Fran Mérida, Rober Ibáñez (Xisco, 82. min); Rubén García (Kike Barja, 79. min) eta Juan Villar (Brandon, 72. min).
0 - Albacete: Tomeu Nadal; Fran García, Gentiletti, Arroyo, Ángel Moreno; Febas, Dani Torres; Bela (Rey Manaj, 84. min), Eugeni (Barri, 64. min), Susaeta (Acuña, 75. min) eta Zozulia.
Golak: 1-0, 69. min: Unai García. 2-0, 77. min: Roberto Torres.