9. JARDUNALDIA
Osasuna esku hutsik bueltatu da Granadatik (1-0)
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gorritxoek ezin izan diote aurre egin talde andaluziarrak lehen zatian, geldikako jokaldi baten bidez, sartutako golari.
Your browser doesn't support HTML5 video.
Granadak denboraldi hasiera bikaina egiten ari dela berretsi du ostiral honetan Osasunaren aurka (1-0), LaLigako bederatzigarren jardunaldiari hasiera eman dion partidan.
Lehen zatian, gorritxoek hobeto kontrolatu dute neurketa eta arrisku handiagoz iritsi dira aurkariaren areara, estrategiazko jokaldien bitartez.
Alabaina, Granada unerik okerrenak pairatzen ari zenean, etorri da etxekoen gola, 38. minutuan. Alvaro Vadillok ezin hobeto erdiratu du area barrura falta bat, eta bertan zegoen Domingos Duartek bikain errematatu du baloia.
Atsedenaldiaren ostean, Osasunak aukera argia izan du Roberto Torresen eskutik. Nafarrak zelai erditik egin du jaurtiketa, baina Rui Silva atezaina baloia kornerrera aldentzeko gai izan da doi-doi, langan jo ostean.
Adrian Lopezek ere, zelaira sartu eta berehala, partida berdintzeko abagunea izan du, bigarren zatiak gorritxoek sortu duten aukera bakanetako batean, baina hark ere ezin zuri-gorrien atea zulatu.
Gorritxoak azken unera arte ahalegindu dira, baina ideia larregi azaldu gabe. Gainera, talde nafarrak hamar jokalarirekin amaitu du neurketa, Fran Meridak bi txartel hori ikusi baititu
Horrenbestez, hiru puntuak Granadan geratu dira, eta andaluziarrak bigarren dira sailkapenean.
Fitxa teknikoa:
1 - Granada CF: Rui Silva, Victor Diaz, Domingos Duarte, Martinez, Carlos Neva, Gonalons, Yangel Herrera, Vadillo (Machis, 67. min), Antonio Puertas, Carlos Fernandez (Adrian Ramos, 85. min) eta Soldado (Azeez, 58. min).
0 - Osasuna: Ruben, Nacho Vidal, Roncaglia, Aridane, Estupiñan, Oier (Fran Merida, 61. min).), Moncayola, Roberto Torres, Brasanac (Juan Villar, 77. min).), Brandon (Adrian, 66. min).) eta Chimy Avila.
Gola: 1-0, 38. min: Domingos Duarte.
Epailea: Estrada Fernandez. Txartel gorriak: Fran Merida kaleratu bi txartel hori ikusteagatik (92. min). Txartel horiak: Soldado (Granada); Estupiñan, Brandon, Chimy Avila, Jagoba Arrasate (entrenatzailea), Oier, Aridane eta Moncayola (Osasuna).