Itxi

0-0, Sadarren

Golik gabeko berdinketa Osasunaren eta Valladoliden artean

Erredakzioa

Leer en Castellano

Talde gorritxoak puntu bat eskuratuta ekin dio Santander Ligako bigarren itzuliari.

Roberto Torres eta Alcaraz, Osasuna-Valladolid partidan. Argazkia: EFE

Osasunak golik gabe berdindu du Valladoliden aurka (0-0) Sadarren jokatu duen Santander Ligako 20. jardunaldiko partida. Bigarren itzulia puntu bat eskuratuta hasi du talde gorritxoak.

Lehen zatia parekatua, lehiatua, eta abagune gutxikoa izan da. Hala ere, neurketak erritmo bizia izan du, horrek, Osasunako eta Valladolideko jokalarien pase askori zehaztasuna falta izan zaiela eragin duelarik. Chimy Avilak eman du lehen abisua 12. minutuan; aurrelari gorritxoak ondo utzi ditu atzean bi aurkari, eta jaurtiketa Masip atezainak desbideratu du. Bost minutu beranduago etorri da Valladoliden erantzuna, baina Sergi Guardiolaren errematea gora joan da. Hurrengo jokaldian, David Garciak kanpora bota du buruz egin duen errematea. Norgehiagokako 42. minutuan Oierrek zelaia utzi behar izan du min hartuta, eta Moncayolak ordezkatu du. Atsedenaldira iritsi orduko, Chimy Avilaren zartakoa gelditu egin du Masipek.

Bigarren zatia talde bakoitzarentzat abagune banarekin hasi da; Chimy Avilak kanpora bota du area kanpotik egin duen jaurtiketa 54. minutuan, eta, lau minutu beranduago, Sergi Guardiolak errematea langara bidali du. Ondoren, bi taldeei kosta egin zaie gol aukera argiak sortzea, nahiz eta erasora jotzen ahalegindu diren. Azken txanpan Osasuna egin da baloiaren jabe, eta arrisku sentsazioa eraman du aurkariaren ate ingurura, baina azken pasean asmatu gabe. Partidako 88. minutuan Chimy Avila gola sartzetik gertu egon da, baina Masip atezainak erantzun bikaina eman dio Osasunako aurrelariaren jaurtiketari, eta gola eragotzi du. Horixe izan da azken abagunea, eta puntu banaketarekin amaitu da norgehiagoka.

Fitxa teknikoa:

0 – Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal, Aridane, David Garcia, Iñigo Perez; Roberto Torres (Rober Ibañez, 72. min), Oier (Moncayola, 42. min), Darko, Ruben Garcia; Adrian (Juan Villar, 82. min), Chimy Avila.

0 – Valladolid: Masip; Antoñito, Joaquin F., Kiko Olivas, Salisu, Raul Garcia; Michel (Oscar Plano, 84. min), Fede S., Alcaraz; Unal, Guardiola (Sandro, 69. min).

Epailea: Alberola Rojas. Txartel horiak atera dizkie Aridane eta Ruben Garcia Osasunako futbolariei, baita Alcaraz eta Fede Valladolideko jokalariei.

Bideoak (1)