Reyno de Navarra estadioan
Osasuna-Sevilla (0-0): Aukera asko, baina golik ez
Erredakzioa
Mendilibarren mutilek abagune ugari izan dituzte, baina Javi Varas Sevilla taldeko atezaina bikain egon da. Epaileak ez du gorritxoen aldeko penalti argi bat ikusi norgehiagokako 74. minutuan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iruñeko taldeak ezin izan du Sevilla etxean gainditu. Mendilibarren mutilek gol aukera anitz sortu dituzte, baina Javi Varas atezainak gelditu erabakigarriak egin ditu. Del Cerro Grande epaileak ez du Perottik eskuarekin egindako penalti argia adierazi eta 0-0ekoarekin bukatu da norgehiagoka.
Osasuna gogotsu irten da berdegunera eta aurreneko hamar minutuetan aukera ugari izan dituzte gorritxoek. Sevillak ezin izan du zelaian tokia hartu eta Osasunako aurrelariek arriskua sortu dute Varasen ate inguruan. Lehen abagune argia Alvaro Cejudok izan du lehen zatiko 6. minutuan, baina jokalari gorritxoaren jaurtiketa knapora joan da. 8. minutuan andaluziarren defentsak hutsegite argia egin du eta Cejudoren errematea ederki desbideratu du Varas atezainak.
Mendilibarren mutilek erritmoa moteldu egin dute, baina Marcelinoren taldea ez da eroso egon Reyno de Navarra futbol zelaian. Lamahk arriskua sortu du eskuin hegaletik eta Lolok gutxigatik ez du 1-0ekoa lortu. Atzelari gorritxok falta ondo jaurti du, baina baloia ez da hiru zutoinen artean sartu. Sevillak 27. minutuan izan du abagune argiena, baina Andres Fernandez atezain gazteak ederki gelditu du Jesus Navasen errematea. Lehen zatian aukera anitz izan ditu Iruñeko taldeak, baina jokalariek ezin izan dute 0-0ekoa aldatu.
Bigarren zatian Sevillak gehiago sakatu du erasoan, baina norgehiagokak erritmoa galdu du. Trochowskik urrunetik jaurti du Andres Fernandez ezustekoan hartzeko asmoarekin, baina jokalari poloniarrak kanpora bidali du baloia. 56. minutuan, Jesus Navasek abagune argia izan du 0-1ekoa jartzeko, baina andaluziarrak ezin izan du baloia sare barrura bidali.
Talde nafarraren aukerarik onena Ninok izan du partidako 64. minutuan. Osasunako aurrelariak area barnetik gogor jaurti du eta Javi Varas atezainak gelditu ikusgarria egin du baloia kornerrera bidalita. Sevillako taldearen erantzuna Manu Del Moralek eman du eta Andres Fernandez atezainak baloia gol marratik ateratzea lortu du. Norgehiagokako 72. minutuan epaileak ez du Perottik egindako penalti argia ikusi. Argentinako jokalariak argi eta garbi jo du baloia eskuarekin, baina De Cerro Grande epaileak ez du penaltia adierazi. Lamahk eta Kike Solak markagailua aldatzeko aukerak izan dituzte, baina Osasunak ezin izan du berdinketa gainditu.
- Fitxa teknikoa:
0 - Osasuna: Andres Fernandez; Marc Bertran, Ruben, Roversio (Miguel Flaño, 68. minutuan), Raitala (Damia, 73. minutuan); Cejudo, Puñal, Lolo (Raul Garcia, 57. minutuan), Lamah; Nino eta Kike Sola.
0 - Sevilla: Javi Varas; Coke, Martin Caceres, Spahic, Fernando Navarro; Navas, Fazio, Trochowski (Rakitic, 66. minutuan), Armenteros (Perotti, 69. minutuan); Manu eta Negredo (Kanoute, 75. minutuan).