2-0
Osasunak porrota jaso du Granadaren aurka
A. B. | EITB Media
Talde gorritxoak 2-0eko emaitzarekin galdu du Carmenes zelaian jokatu duen Ligako 4. jardunaldiko atzeratutako partida.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Osasunak porrota jaso du Granadaren aurka (2-0) Los Carmenes zelaian jokatu duen Santander Ligako laugarren jardunaldian atzeratutako partida. Ondorioz, talde gorritxoak jaitsiera postuetan jarraitzen du 15 punturekin, salbaziotik hiru puntura.
Norgehiagokako zazpigarren minutuan, Calleriren erremate baten bidez eman du lehen abisua Osasunak, baina talde gorritxoko aurrelariaren erremateak ez du aurkariaren atea aurkitu. Ondoren, Granada egin da baloiaren jabe, eta Andaluziako taldeak izan duen lehen abagunean, Luis Suarezek 1-0ekoa sartu du; korner baten ostean, baloia solte geratu da area barruan, eta Granadako aurrelariak sare barrura bidali du baloia, zetorkion moduan errematea eginda.
Golak min egin dio Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldeari, eta Granadak bigarren gola egiteko aukera izan du, baina Sergio Herrera atezainak eragotzi du, Machisi buruz burukoa irabazita. Norgehiagoka atsedenaldira iristear zenean, etxeko taldeak bigarren gola sartu du; Machisek kornerra atera, baloiak Sergio Herrera atezaina jo, eta 2-0ekoa Granadarentzat.
Atsedenaldiaren ostean, erasokor zelairatu da Osasuna. Rui Silva atezainak Ruben Garciaren jaurtiketa gelditu du lehenik, eta Roberto Torresena hurrengo jokaldian. Ondoren, Gonalons Granadako jokalaria lesionatu egin da, neurketaren erritmoa eten egin da, eta hortxe bukatu da Osasunak bigarren zatiaren hasieran erakusi duen bizitasuna.
Ezinean ibili da Osasuna norgehiagokaren azken ordu erdian, Granadak ere ez du abagunerik sortu, baina Diego Martinezek zuzentzen duen taldeak kontrolpean izan du neurketa, eta hiru puntuak eskuratu ditu.
Fitxa teknikoa:
2 - Granada: Rui Silva; Pepe (Nehuen Perez, 74. min), Domingos Duarte, German, Carlos Neva; Gonalons (Yan Eteki, 54. min), Montoro (Luis Milla, 65. min), Yangel Herrera; Machis (Soldado, 74. min), Kenedy (Antonio Puertas, 65. min), Luis Suarez.
0 - Osasuna: Sergio Herrera; Roncaglia, Aridane, David Garcia, Juan Cruz; Moncayola, Oier (Lucas Torro, 63. min), Roberto Torres, Ruben Garcia (Kike Barja, 71. min), Jony (Budimir, 63. min), Calleri (Enric Gallego, 71. min).
Golak: 1-0, 22. min: Luis Suarez. 2-0, 46. min: Machis.
Epailea: Gonzalez Fuertes. Txartel horia atera die Domingos Duarte (90. min) Granadako jokalariari eta Oier (36. min), Ruben Garcia (40. min), David Garcia (67. min) eta Enric Gallego (76. min) gorritxoei.