Itxi

Final-hamaseirenak

Osasuna final-zortzirenetan da, Espanyol kanporatu ostean (0-2)

L.E.A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Javi Martinezek eta Kike Barjak egindako golek garaipena eman diete nafarrei, LaLiga Smartbankeko liderraren aurrean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Osasunak Errege Kopatik kanporatu du Espanyol, lehen ordu erdian bi gol sartuta eta kataluniarrek egindako momentuko hutsak aprobetxatuta. Nafarrak ondo ibili dira erasoan, eta defentsan ere sendo aritu dira. Espanyol LaLiga Smartbankeko liderrak, berriz, neurketa eskasa jokatu du.

Gorritxoek 9. minutuan egin dute lehen gola. Javi Martinezek jokaldi ederra egin du; baloia lapurtu eta Oier atezaina gainditu du.

Espanyol erreakzionatzen saiatu da, baina iruindarrak sendo eta seguru aritu dira defentsan. Eta erasoan ez dute barkatu. Etxeko taldeak huts egin du korner batean eta Osasuna kontraerasoan atera da. Hala lortu du Barjak bigarren gola egitea. Atsedenaldira 0-2koarekin joan dira Arrasateren jokalariak.

Entrenatzaile bizkaitarrak denbora hartu du aldaketak egiteko, ez baitu horretarako behar handirik izan. Nafarrak jaun eta jabe izan dira, eta azken minutuetan bakarrik izan du Espanyolek markagailuko aldea murrizteko aukera argia, Raul de Tomasek 88. minutuan zutoinera bidalitako jaurtiketarekin.

Horrela, Osasuna Errege Kopako final-zortzirenetan sartu da, eta Espanyolek, berriz, ligan jarri beharko ditu bere indar guztiak.

Fitxa teknikoa

0-Espanyol: Oier; Oscar Gil, Cabrera, Calero, Didac Vila; David Lopez (Darder, 52. min), Fran Merida; Melendo (Embarba, 52. min), Wu Lei (Vadillo, 74. min), Vargas (Nico Melamed, 66. min); eta Puado (Raul de Tomas, 52. min).

2-Osasuna: Juan Perez; Roncaglia (Nacho Vidal, 67. min), Unai Garcia, Raul Navas, Manu Sanchez; Javi Martinez, Kike Barja (Ruben Garcia, 67. min), Torro (Oier, 67. min), Jony (Roberto Torres, 76. min); Budimir (Iñigo Perez, 67. min) eta Enric Gallego.

Golak: 0-1, 9. min: Javi Martinez; 0-2, 30. min: Barja.

Albisteak (3)

Bideoak (1)