Lesioa
Jony bi edo hiru aste egongo da jokatu ezinda
A. B. | EITB Media
Jony Rodriguez Osasunako jokalariak II graduko haustura du ezker hankako kuadrizepsean.
Jony Rodriguez Osasunako jokalariak II graduko haustura du ezker hankako kuadrizepsean eta bi edo hiru aste emango ditu jokatu gabe. Hala jakinarazi du klubak astearte honetan.
Asturiarrak hasieratik jokatu zuen Huescaren aurka larunbatean, eta 66. minutuan aldatu zuen Jagoba Arrasate entrenatzaileak. Jonyk ez du zorterik izan lesioekin 2020ko udan talde gorritxora iritsi zenetik.
Denboraldi honetan hirugarrenez lesionatu da Jony. Lehenengoan, haustura izan zuen ezker hankako bizeps femoralean, Bartzelonaren aurka jasotako porrotean (4-0). Ligako lau partida eta Errege Kopako bat galdu zituen. Ondoren, Alavesen aurkako derbian berragertu zen Sadarren, minutu bakarra jokatuta. Neurketa horren ostean bost aldiz jarraian sartu zen Jagoba Arrasate entrenatzailearen deialdietan, baina ez zuen asko jokatu. Denboraldiko bigarren lesioa urtarrilaren 24an jasan zuen Granadaren aurkako partidan, eskuin hankako aduktorean haustura izan zuelarik.