34. jardunaldia
Osasuna porrotarekin atera da Valdebebasetik (2-0)
A. A. | EITB MEDIA
Gorritxoek partidaren azken zatira arte eutsi diote, baina Militaok eta Casemirok 75. eta 80. minutuetan sartutako golek punturik gabe utzi dute Arrasateren taldea.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Osasunak galdu egin du (2-0) Real Madrilen aurka larunbat honetan, Santander Ligako 34. jardunaldian, azken 15 minutuetan Militaok eta Casemirok sartutako golen bitartez.
Talde gorritxoa eta madrildarra aurkariaren atera hurbilketa arriskutsuak eginez ibili dira lehen zatian zehar, baina etxekoak sarriago eta arrisku handiagoarekin iritsi dira nafarren ate inguruetara. Aitzitik, hortxe agertu da Sergio Herrera atezaina aparteko geldituak egin eta Zidanek zuzentzen duen taldearen gola ekidinez.
Chimy Avila hamaikakora itzultzea, Javi Martinez etorkizun handiko jokalariaren kalitatea eta Moncayola izan dira gorritxoen argudio nagusiak Madrilen aurka.
Talde zuriak, bere aldetik, zenbait txandakatze egin ditu, asteazken honetan Chelsearen aurka Londresen jokatu behar duen Txapeldunen Ligako finalerdietako itzulikoan pentsatuta. Hala, Hazard belgikarra hasieratik aritu da, eta bera izan da etxekoen aldetik jokalari nabarmenena lehen zatian.
Aitzitik, belgikarrari punteriak huts egin dio, Zidaneren mutilen gainerakoei bezala, urrutiko jaurtiketekin. Dena den, mehatxu handiena goitikako jokotik iritsi da Osasunaren atera, Militaok sekulako geldituak egitera behartu baitu Herrera.
Atsedenaldiaren ostean, Osasunak atzean eutsi dio, eta Madrili energia falta izan zaio. Etxekoen nekea nabaria zen bigarren zatian, eta, halako batean, nafarrek kontraeraso argi bat alperrik galdu dute.
Hala, partida azken txanpan sartu da, eta korner batean Militao agertu da berriro, baina oraingoan baloia sarera bidali du. Jarraian, Casemirok bigarrena erdietsi du, ia nahi gabe, Benzemaren pase eder bat baliatuta.
Fitxa teknikoa:
2 - Real Madril: Courtois; Odriozola, Militao, Varane (Nacho, 46. min), Marcelo (Miguel Gutiérrez, 64. min); Casemiro, Antonio Blanco, Marco Asensio (Arribas, 83. min); Hazard, Vinicius (Rodrygo, 64. min) eta Benzema.
0 - Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal, Aridane, David García, Manu Sánchez; Roberto Torres (Kike Barja, 81. min), Lucas Torró (Jony, 84. min), Moncayola, Javi Martínez (Brasanac, 64. min); Rubén García (Adrián, 81. min) eta Chimy Ávila (Budimir, 64. min).
Golak: 1-0, 76. min: Militao. 2-0, 80. min: Casemiro.
Epailea: Cuadra Fernández. Txartel horiak: Javi Martínez eta Oier Sansurjo (Osasuna).