Barcelona-Osasuna (4-0)
Mendilibar: 'Messiri gripearekin zegoen galdetuta, barrezka hasi da'
Erredakzioa
Osasunako entrenatzaileak itzulerako partidarako Bartzelonak agian bigarren taldearekin etorriko dela iragarri eta azkenean lehen talde osoa agertuko dela ere esan du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Jose Luis Mendilibar Osasunako entrenatzailea ez zegoen oso pozik Errege Kopako final-zortzirenetako joaneko partida Bartzelonaren aurka 4-0 galdu ostean. Partida hau arraroa izan dela eman diren baldintza guztiengatik ere esan du.
"Ia ezinezkoa izango da kanporaketa pasatzea aurkako 4-0eko emaitzarekin. Normala da, iragarrita zegoena. Bestelako edozer miraria litzateke. Hauek ez dira inortaz fidatzen. Messi gaixorik dago gripearekin eta bat-batean jokatu egiten du", esan zuen Osasunako entrenatzaileak.
"Hainbat gauza arraro pasa dira Kopako zozketa egunetik. Lehenengo zelaia aldatu behar zutela eta kanporaketaren ordena aldatzeko eskatu zuten, gero Messi baja dela gaixorik dagoelako, mundu guztia zoratzen. Messiri beroketa egiten ari zenean galdetu diot ea gripearekin zegoen eta barrezka hasi da", gaineratu zuen Mendilibarrek.
Bartzelona agian harrobiko jokalari askorekin etorri daitekeela Reyno de Navarrako itzulerako partidara galdetuta, Mendilibarrek honakoa erantzun zuen: "Lehen taldeko zazpi jokalarik gutxienez jokatu egin beharko dute eta ez dut uste konfiantzarekin etorriko direnik. Agian bigarren taldea etorriko deal iragarriko digute eta azkenean lehen taldea osorik etorriko da".
Mendilibarrek argi dauka zer egin behar duen bere taldeak itzulerako partidan: "Daukagun guztia eman behar dugu gure zaleen aurrean gutxienez norgehiagoka on bat jokatzeko".