Ostegunean, 22:00etan
Osasuna-Bartzelona: 'Miraria baino gehiago beharko dugu'
Erredakzioa
Jose Luis Mendilibarrek argi eta garbi utzi prentsaurrekoan joaneko 4-0ekoa iraultzea ezinezkoa izango dela. Hala ere, gorritxoek emaitza ona atera nahi dute Guardiolaren taldearen aurka.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Osasunako entrenatzaileak Errege Kopako kanporaketa gainditzeko "miraria baino zerbait gehiago" beharko dutela onartu du Taxoaren. Iruñeko taldeak 4-0 galdu zuen joaneko norgehiagokan Bartzelonaren aurka Cescek eta Messik lortutako golei esker eta kanporaketa erabakita gelditu zen.
"Miraria baino gehiago beharko dugu. Bartzelonari lau gol baino gehiago sartzea miraria baino handiagoa izango litzateke", onartu du Mendilibarrek prentsaurrekoan. "Badakigu Bartzelonaren egoera. Blaugranen aurka jokatzen dugun bakoitzean haserretuta daudela dirudi. Ligan jokatu genuenean bi partida berdintzetik etorri ziren eta orain ere azken neurketa berdintzetik etorriko dira Nafarroako Erresumara" adierazi du teknikariak.
Guardiolaren taldea Errege Kopatik kanpo uztea "oso zaila" dela onartu du Mendilibarrek eta taldeak ez duela burua hautsi behar azaldu du. "Zale batzuek lortu dezakegula esaten digute. Guk ez diegu ezetz esaten. Zer egingo dugu!".
Ustezko hamaikakoak:
Osasuna: Asier Riesgo; Marc Bertran, Lolo, Miguel Flaño, Satrustegui; Puñal, Raoul Cedric; Cejudo, Roberto Torres, Calleja; eta Lekic.
Bartzelona: Pinto; Montoya, Pique, Mascherano, Abidal; Busquets, Thiago, Xavi, Pedro, Messi eta Alexis.