Kargatzen...
Itxi

FITXAKETAK

Budimirrek Osasunan jarraituko du 2025era arte

A. A. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Talde gorritxoak jokalaria eskuratzeko aukera zeukan, Mallorcari zortzi milioi euro ordainduz gero, eta aukera hori gauzatu du.

Ante Budimir. Argazkia: EFE

Osasunak Ante Budimir aurrelari kroaziarra fitxatu du, Mallorcarekin sinatutako lagapen-kontratuan adostutako 8.000.000 euroren truke erosteko aukera baliatuta. Hala, jokalariak 2025era arteko lotura izango du talde gorritxoarekin.

Iruñeko taldeak jakinarazi duenez, aurrelariak 20.000.000 euroko etete-klausula izango du Santander Ligan eta 9.000.000 eurokoa SmartBank Ligan. Era berean, eta aurreko denboraldian sinatutako lagapen-akordioan jasotzen zenez, Osasunak jokalaria salduko balu, Mallorcak salmenta horretatik ateratako gainbalioaren % 25 jasoko luke.

Budimirrek 12 gol sartu ditu denboraldi honetan gorritxoen elastikoarekin, horietako 11 Ligan, eta golak garrantzitsuak izan dira taldeak Lehen Mailan jarraitzeko.

Gainera, Santander Ligan azken bi denboraldietan 10 gol edo gehiago sartzeko gai izan diren zazpi jokalarietako bat da, Messi, Benzema, Gerard Moreno, Luis Suarez, Iago Aspas eta Rogerrekin batera.

Albisteak (3)