Itxi

2. JARDUNALDIA

Osasunak hutsean berdindu du berriro etxean

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Gorritxoek penalti jaurtiketa bat izan dute aldeko bigarren zatiaren hasieran, baina Matias Dituro Celtako atezain argentinarrak gelditu egin du Ruben Garciaren jaurtiketa.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Osasunak kamuts jarraitzen du Liga, bigarren jardunaldian ere hutsean berdindu baitu, oraingoan Celtaren aurka (0-0). Partidan zehar gol aukerak izan dituzte bi taldeetako jokalariek, baina ez dituzte aprobetxatu.

Lehen minutuetan bisitariak nagusitu dira; eurena izan da baloiaren jabetza eta goiko gizonek mugikortasun handia erakutsi dute. Ordu laurdenera, ordea, Osasunak martxan jarri ditu motorrak, joko ikusgarria eta bizia eginez.

Hala, Kike Barjak kontrol bikaina egin du area barruan, eta haren jokaldia Kike Garciak amaitu du atera jaurtiz, baina punteriarik gabe. Osasunak jokaldi onak egin ditu, eta Coudeten taldea itota aritu da minutu batzuetan.

Etxekoen nagusitasuna gorabehera, Denis Suarezek aukera argia izan du, baina areaz kanpotik egindako bere saiakera ez da hiru zutoinen artera joan.

Atsedenaldiaren ostean, partidaren norabidea aldatu ahal izan duen jokaldia izan da, Carlos Dominguezek zaplazteko bat eman baitio Kike Garciari area barruan. Epaileak ikusi, eta penalti adierazi du.

Ruben Garciak hartu du hura jaurtitzeko ardura, eta ate erdira zuzendu du bere ahalegina; Matias Dituro atezain argentinarrak, baina, eskuin hankarekin aldendu du baloia, ezker zutoinerantz jauzi egiten ari zela.

Gerora, Jagoba Arrasatek partida iraultzen saiatu da, Ante Budimir eta Chimy Avila aurrelariak zelairatuta, hiru puntuak eskuratzeko ahaleginean.

Azken horrek bi aukera garbi izan ditu azken minutuetan, baina horren bi burukadek ez dute saririk lortu. Horrenbestez, gorritxoek gola sartu ezinda jarraitzen dute denboraldi hasiera honetan.

Fitxa teknikoa

0 - Osasuna: Sergio Herrera; Nacho Vidal, Aridane, David García, Manu Sánchez (Cote, 83. min); Moncayola, Torró, Darko (Javi Martínez, 83. min); Kike Barja (Roberto Torres, min. 65), Kike García (Budimir, 73. min), Rubén García (Chimy Ávila, 73. min).

0 - Celta: Matías Dituro; Kevin, Araujo, Domínguez (Aidoo Jr, 79. min), Javi Galán; Tapia; Brais Méndez (Solari, 70. min), Denis Suárez (Fran Beltrán, 70. min), Nolito (Cervi, 61. min); Iago Aspas, Santi Mina.

Epailea: Alberola Rojas. Txartel horiak: Darko, Manu Sánchez, Oier eta Roberto Torres (Osasuna); Tapia, Nolito, Kevin eta Carlos Domínguez (Celta).

Albisteak (3)

Bideoak (1)