Itxi

BBVA Liga

Osasunak ezustekoa eman eta garaipena lortu du Bartzelonaren aurka

Erredakzioa

Lekicek sartu ditu partidako lehen bi golak lehenego zatian. Bigarren zatian Alexisek 2-1ekoa sartu du, Raul Garciak 3-1ekoa eta Tellok azken gola sartu du markagailua 3-2koa utzita.

Osasunako jokalariak Bartzelonaren aurka lortu duten garaipena ospatzen (3-2). Argazkia: EFE

Fitxa teknikoa:

Osasuna: Andres Fernandez; Marc Bertran, Sergio, Miguel Flaño, Raitala; Puñal, Nekounam; Cejudo, Raul Garcia (Damia, 89. minutua), Nino (Lolo, 77. minutua); Lekic (Ibrahima, 71. minutua).

Barcelona: Valdes; Dani Alves, Pique (Cesc, 71. minutua), Puyol (Cuenca, 46. minutua), Abidal; Sergi Roberto, Mascherano, Thiago; Messi, Alexis, Pedro (Tello, 46. minutua).

Golak: 1-0, 4.minutua: Lekic; 2-0, 22. minutua: Lekic; 2-1, 51. minutua: Alexis; 3-1, 55. minutua: Raul Garcia; 3-2, 73. minutua: Tello.

Osasunak 23. jardunaldiko ezustekoa eman du Reyno de Navarran Bartzelonari 3-2 irabazita. Europako postuen lehian bete betan sartzen dira gorritxoak.

Ezin hobeto hasi zen partida Osasunarentzat. Mendilibarrek zuzentzen duen taldeak erritmo biziarekin ekin zion partidari eta laugarren minuturako norgehiagokako lehen gola sartu zuen. Raul Garciak aurrea hartu zion Puyol, orpoz pasea eman eta Valdesen aurrean Lekicek ez zuen barkatu eta 1-0ekoa sartu zuen.

Gola sartuta, Bartzelonak erantzun egin zuen Messiren jaurtiketa batekin, baina Andres Fernandez atezainak erantzun bikaina eman zion argentinarraren jaurtiketari. Hau izan zen Batzelonak lehen zatian sortu zuen gol aukera bakarra. Osasunak ez zion uko egin baloia edukitzeari eta Valdesen ate ingurura gerturatuz bigarren gola ere sartu zuten. Cejudok eskuin hegaletik erdiraketa ona jarri eta Lekicek sare barrura bidali zuen errematea markagailuan 2-0ekoa jarrita. Barçak ez zuen erreakzionatu eta Osasunak ez zuen zailtasunik izan atsedenaldira 2-0eko emaitzarekin iristeko.

Bigarren zatiaren hasieran Bartzelona izan zen nagusi. Mendilibarrek Tello eta Cuenca sartu zituen eta horrek bizitasuna eman zion talde blaugranari. Andres Fernandezek erantzun bikaina eman zion Messiren jaurtiketari bigarren zatiaren hasieran, baina ia jarraian Bartzelonak aldeak murriztu zituen. Alexisek atepean Cuencaren erdiraketa bat sare barrura bidali zuen 2-1ekoa sartuz.

Bartzelona ondo ari zen eta partidaren bila joateko gogoarekin zebiltzan. Osasuna, ordea, ez zen kokildu eta 60. minutuan hirugarren gola sartu zuen. Raul Garciak lehen zutoinean Ninoren erdiraketa sare barrura bidali zuen eta horrek 3-1ekoa suposatu zuen Osasunarentzat. Min handia egin zion Barçari Osasunaren hirugarren gol honek eta 15 minututan jota zeuden blaugranak. Gutxien espero zenean, ordea, Tellok area barruan baloia hartu, buelta eman eta 3-2koa sartu zuen 72. minutuan.

Bartzelonaren gol honen ondoren norgehiagoka zoratu egin zen. Puñalen jaurtiketa zutoinera joan zen 77. minutuan eta hurrengo minutuan Andres Fernandez Osasunako atezainak eragotzi zuen berdinketa. 82. minutuan, epaileak gol bat legez kanpo utzi zion Bartzelonari eta asmatu egin zuen bete betean. Azken minutuetan Bartzelonak arazoetan jarri zuen Osasuna, baina gorritxoek nola ahala blaugranen erasoak gelditzea lortu zuten. Azken unean, Fabregasen burukadari erantzun ezin hobea eman zion Andres Fernandezek eta garaipena Osasunak lortu zuen (3-2).

Albisteak (1)