Itxi

SANTANDER LIGA

Osasunak nagusitasunez garaitu du Valladolid (2-0)

A. B. R | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Chimy Avilak eta Moi Gomezek sartu dituzte norgehiagokako bi golak lehen zatian; gorritxoek kontrolpean izan dute partida uneoro.

Osasunako jokalariak gola ospatzen. Argazkia: EFE

Osasunak Valladolidi irabazita (2-0) lortu ditu hiru puntuak Chimmy Avilak eta Moi Gomezek sartutako golei esker. Gorritxoek lehen zatian sartu dituzte bi golak, baina nagusi izan dira partida osoan zehar. Garaipenarekin 20 puntura iritsi da Osasuna.

Osasuna - Valladolid partidaren laburpena

Arrasatek zuzendutako taldeak ondo ekin dio partidari. Gorritxoek arrisku dezente sortu dute erdiraketen eta eraso bertikalen bitartez. Partidako lehen abagune argia Lucas Torrok izan du: Osasunako erdilaria behartuta iritsi da bigarren zutoinera eta Chymik orraztutako erdiraketa ezin izan du baliatu gola sartzeko.

Osasunak presio bizia egiten jarraitu du eta 11. minutuan Roque Mesak penaltia egin dio Manu Sanchez gorritxoen atzelariari. Chimy Avilak erantzukizuna hartu eta 11 metroetatik baloia sareetara bidali du ezker zutoinean jo ondoren (1-0).

Kanpoko taldeari min egin dio etxekoen golak; Osasunak, aldiz, ausart jarraitu du bigarrenaren bila. 19. minutuan saria jaso dute eta markagailuan aldea handitu ere: Valladoliden defentsak ez du baloia urrundu bere area barruan eman den jokaldi nahasi baten, aldaratzeak Aimar Orozen oinetan bukatu du, eta Moi Gomezek bigarrena jarri du markagailuan Nafarroako jokalariare pasea jaso ostean. VARak Cuadra Fernandez deitu du jokoz kanpokoa berrikusteko, baina epaileak bere erabakia berretsi du (2-0).

Valladolid ez da azken jardunaldietako talde bizia izan eta Oscar Planoren burukada apala izan da kanpotarren aukera bakarra lehen zatian. Osasunak, bitartean, erasokor jarraitu du eta abagune dezente izan ditu errenta handitzeko. Peña urrunetik saiatu da, baina bere jaurtiketa gutxigatik joan da kanpora 37. minutuan. Handik bi minutura Chimy bakarrik geratu da Masipen aurrean, baina Valladolideko atezainak gelditu egin dio jaurtiketa.

Horrela, Osasunaren lehenengo zati biribilaren ostean iritsi da norgehiagoka atsedenaldira.

Aldageletatik bueltan beste itxura batekin berdeguneratu da Valladolid. Pacheta, kanpotarren entrenatzaileak, aldaketak egin ditu eta taldea erasokor atera da. 50. minutuan Weissman aurrelariak aukera aparta izan du aldea murrizteko: korner baten, bigarren jokaldian, Osasunaren defentsak akatsa egin du eta aurrelaria bakarrik geratu da Aitor Fernandez atezainaren aurrean; jaurtiketa, ordea, gora joan zaio.

Osasuna partidaren kontrola berreskuratzen joan da indarge agertu den Valladoliden aurka. Kike Garciak bi aukera garbi izan ditu hirugarrena sartzeko: lehenengo ez du baliatu El Yamiq Valladolideko defentsaren aldaratze ustel batek eman dion gol aukera, eta, ondoren, jaurtiketa kanpora joan da zutoina urratuta.

Garaipen honi esker 20 punturekin dago Osasuna sailkapenean eta azken 9etatik 7 eskuratu ditu.

FITXA TEKNIKOA:

2 – Osasuna: Aitor Fdez; Peña, Unai Garcia, David Garcia, Manu Sanchez (Juan Cruz, 87.min); Torro; Chimy Avila (Kike Garcia, 76.min), Aimar, Moi Gomez (Roberto Torres, 87.min), Kike Barja (Ruben Garcia, 64.min); Budimir (Moncayola, 64.min).

0 – Valladolid: Masip; Rosa (Plata, 46.min), Feddal (Fresneda, 46.min), El Yamiq, Javi Sanchez, Olaza; Kike Perez (Aguado, 65.min), Mesa (Monchu, 70.min), Oscar Plano; Weissman (Guardiola, 73.min), Sergio Leon.

Golak: Chimy Avila 1-0 (11.min), Moi Gomez 2-0 (19.min).

Epailea: Guillermo Cuadra Fernandez (Kanariar Uharteak), marrazainak: Garrido Romero y Tresaco Escabosa. Txartel horiak: Torro, Roque Mesa, Olaza eta Rosa.