Ofiziala
Juan Perezek Osasuna utzi du Huescan jokatzeko
EITB Media
Atezainak 2018-2019 denboraldian egin zuen debuta gorritxoen lehen taldearekin, baina ordutik ez du asko jokatu. Orain, Aragoiko SmartBank Ligako taldean arituko da.
Juan Perezek ez du Osasunan jarraituko, klubak ostiral honetan (urtarrilak 20) jakinarazi duenez. Orain, SmartBank Ligako Huesca taldean jokatuko du 26 urteko atezainak.
Huescak ez dio diru-kopuru finkorik ordainduko Osasunari, baina 200.000 euro ordaindu beharko dizkio Aragoiko taldea Lehen Mailara igotzen bada, eta beste 200.000 euro atezainak gutxienez 21 partida jokatzen baditu Huescak igoera lortzen duen denboraldian.
Bestalde, Huescak Juan Perez salduko balu Osasunak Aragoiko klubak jasotzen duen diru-kopuruaren % 40 jasoko luke. Gainera, Iruñeko klubak jokalaria berreskuratu ahalko du, atezaina fitxatu nahi duen klubaren eskaintza berdinduta.
Osasunak Perez fitxatu zuen gazte mailako talderako, eta atezainak 2018-2019 denboraldian egin zuen debuta lehen taldearekin. Gorritxoekin Juan Perezek 2 partida jokatu ditu SmartBank Ligan, 7 Santander Ligan eta 8 Errege Kopan.