Itxi

OSASUNA-REAL MADRIL

Osasunak porrota jaso du Real Madrilen aurka (0-2)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Jagoba Arrasateren taldeak Real Madrilen aurkako partida galdu du azken 10 minutuetan bi gol jaso ostean.

Abde Nachorekin lehian. Argazkia: EFE

Osasunak galdu egin du Sadarren, Real Madrilen aurka, Jagoba Arrasateren taldea une batzuetan nagusi izan den partidan. Valverdek 78. minutuan sartutako gol batek seko gelditu du Osasuna eta Asensiok 92.ean erabakita utzi du norgehiagoka.

Osasuna-Real Madril partidako laburpena

Real Madrilek ez zirudien guztiz eroso, Osasunak baloiaren jabetza hartu baitu partida hasi eta gutxira. Budimirrek Torrori gol aukera argi bat kendu dio, erdilaria atzetik zetorrela, buruz nahieran errematatzeko.

Osasuna gotortu egin da defendatzeko orduan. Arrasatek bost jokalariko lerroarekin itxi du bere atea, ligako egungo txapeldunei lana zailtzeko. Modric eta Ceballos ez dira apenas jokoan sartu.

Abdek baloi ona eskaini dio Budimirri. Kroaziarrak, dena alde zuela, aurrealdetik jaurtiketa on bat egiteko, ez du baloia hiru zutoinen artera bidaltzea lortu.

Rodrygok, atsedanalditik bueltan  gola lortzeko saiakera egin du. Jaurtiketa, baina, Herreraren zutoina laztanduz joan da kanpora.

Viniciusek baloia espazioekin hartzen zuen bakoitzean alarmak pizten ziren Osasunan. Brasildarrak bi defentsa gainditu ditu Herreraren aurrean bakarrik geratzeko. Atezainari iskin egin nahi izan dio jaurti beharrean eta huts egin du.

Osasunak azkar egin du erasora, eta Moi Gomezek zutoinean jo du ezkerrez. Jarraian, Moncayolak eskuinkada indartsu bat jo du, atera sartzeko zorian egon dena.

Gaueko borroka Herreraren eta Viniciusen artekoa izan da. Aurrelari gaztea aurrez aurre geratu da berriro atezainaren parean, eta Herrerak geldiketa ikusgarria egin du.

Osasuna ondoen zegoenean, talde zuriak lehen kolpea eman du. Valverde atzetik iritsi da 78. minutuan baloia sare barrura bidaltzeko, Viniciusen pasearen ostean.

Epaileak beste gol bat baliogabetu dio brasildarrari, baina Asensiok 0-2koarekin erabakita utzi du hitzordua, Alvaro Rodriguez debutariaren pase bati esker.

 

Fitxa teknikoa:

0 – Osasuna: Herrera; Moncayola, Unai García, David García, Manu Sánchez; Moi Gómez, Torró (Kike García, 84. min), Darko (Aimar, 71. min); Rubén García (Diego Moreno, 63. min), Budimir, Abde (Barja, 84. min).

2 – Real Madril: Courtois; Nacho (Carvajal, 76.), Militao, Rüdiger, Alaba; Ceballos (Asensio, 65. min), Camavinga, Modric; Valverde, Rodrygo (Álvaro Martín, 88.min), Vinícius.

Golak: 0-1, 78. min: Valverde. 0-2, 92. min: Asensio.

Epailea: José Luis Munuera Montero. Osasunaren aldetik txartel horiak atera dizkie Torrori, Moncayolari eta Moi Gomezi. Bisitariaren aldetik, Viníciusi eta Nachori.