Itxi

KOPAKO FINALA

Kopako finalera joateko izena eman duten Osasunako 19.208 bazkideek sarrera izango dute

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Klubak baieztatu duenez, izena eman duten bazkide guztiek sarrera bermatuta dute. Klubeko bazkideen % 97k izango dute sarrera.

Osasunako zaleak taldearen gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Osasunak jakitera eman ditu Kopako finalerako sarreren inguruko datuak, eta adierazi du izena eman duten 19.208 bazkideek Cartuja estadioan lekua izango dutela. Talde gorritxoak azpimarratu duenez, bazkideen % 97k izango dute sarrera.

Horrela, klubak baieztatu du eskaera behar bezala bete zuten bazkide guztiek bermatuta dutela finalerako sarrera bat erosteko aukera. Sadarko bulegoetan hurrengo urratsa sarreren eskaerak bazkideen antzinatasunaren arabera ordenatzea izango da, aurreinskripzioak bi talde handitan banatuko baitira. Izena eman dutenene erdiek, antzinatasun handiena dutenek, apirilaren 21etik aurrera erosi ahalko dituzte sarrerak, eta gainerakoek, hilaren 22tik aurrera. Sarrerak Espainiako Futbol Federazioak horretarako prestatutako webean erosi beharko dituzte.

Prozesua errazteko, Osasunak jakinarazi du bazkideek mezu elektroniko bat jasoko dutela apirilaren 19a eta 20a bitartean, erosketa egiteko jarraibideekin. Nolanahi ere, aurreratu duenez, ezingo dira aukeratu ez sektoreak, ez ilarak, ezta eserlekuak ere; izan ere, horiek automatikoki esleituko dira bazkideek nahiago duten zelaiko eremua eta prezio-tartea aukeratu ondoren.

Klubaren arabera, bazkideek sarrera bermatuta izango dute apirilaren 24ra arte, egun hori barne; izan ere, hilaren 25etik aurrera, "Gorritxoa Naiz" txartela duten zaleek bat egingo dute erosketa prozesuarekin, eta, beraz, sarrera apirilaren 21a eta 24a bitartean eskuratzen ez duten bazkideak eserlekurik gabe gera daitezke.

"Gorritxoa Naiz" txartelaren titularrek, bestalde, asteazken honetan, apirilaren 19an, eman beharko dute izena Bazkidearen arloan, 09:30etik aurrera. Prozesua hilaren 20an itxiko da, 23:59an.

Albisteak (5)