Itxi

33. JARDUNALDIA

Osasunak galdu egin du liga txapelketa ospatzear den Bartzelonaren aurka (1-0)

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Jagoba Arrasateren taldeak 10 jokalarirekin jokatu du 27. minututik, epaileak Jorge Herrando debutariari txartel gorri zuzena atera ostean.

Pedri eta Torró, partidako jokaldi batean. Argazkia: Efe.

Osasuna galtzaile atera da LaLigako 33. jardunaldian Bartzelonaren aurka Camp Nou zelaian jokatutako partidan. Neurketako gol bakarra Jordi Albak egin du, 85. minutuan.

Bartzelona - Osasuna partidaren laburpena

Lehen zatiko gertakizunik nabarmenena Jorge Herrando Osasunako jokalari gazteari epaileak ateratako txartel gorri zuzena izan da. 27. minutuan, Herrandok heldu egin dio Pedriri, Bartzelonako jokalaria Aitor Fernandezen atera bakar-bakarrik zihoanean.

Xaviren taldean, entrenatzaileak Gavi zelaitik kendu behar izan du 36. minutuan, eskuineko zangoan min hartu duelako.

Lehen zatian, bi taldeek ez dute ate barrura jaurtiketarik egin. Aukerarik argiena Bartzelonak izan du, 25.minutuan, Alejandro Baldek ezkerretik egindako jokaldian, baina Pedrik ez du errematean asmatu.

Bigarren zatian, Bartzelona erasokorrago aritu da, garaipenaren bila, eta arrisku handia sortu du nafarren arean.

Argienak Frenkie de Jongek 56.ean egindako errematea eta Dembeleren erremate bat izan dira.

Gainera, 79. minutuan, VAReko epaileak baliorik gabe utzi du Lewandowskik egindako gola, aurretik Ferran Torres jokoz kanpo zegoela ikusita.

Partidako gol bakarra Jordi Albak egin du, 85. minutuan.

Osasuna taldean, nabarmentzeko modukoa da Aitor Fernandez atezainak egindako lan bikaina. Nafarrek ere izan dute gol aukeraren bat, Iker Muñozek 66.ean izandakoa, esaterako, baina Ter Stegenek ondo erantzun dio.

Azkenean, Bartzelona garaile. Kataluniako taldeak esku-eskura du liga txapelketa irabaztea.

Fitxa teknikoa:

1 - Bartzelona: Ter Stegen; Kounde, Araujo, Christensen (Eric García, 52. min), Balde (Jordi Alba, 75. min); Sergio Busquets (Ferran Torres, 75. min), Frenkie de Jong, Pedri; Raphinha (Dembele, 52. min), Lewandowski eta Gavi (Ansu Fati, 36. min).

0 - Osasuna: Aitor Fernández; Diego Moreno, Unai García, Herrando, Manu Sanchez; Torro (Juan Cruz, 59. min), Aimar (Iker Muñoz, 46. min), Ibañez; Iker Benito (Aridane, 70. min), Chimy Avila (Kike García, 59. min) eta Ruben Garcia (Kike Barja, 46. min).

Golak: 1-0: Jordi Alba, 85. min.

Epailea: Iglesias Villanueva (Galiziako batzordekoa). Txartel gorria atera dio Osasunako Herrando jokalariari (27. min).