ZIGORRA
UEFAk 100.000 euroko isuna eta Konferentzia Ligako diru-sarreren % 5 ordaintzeko zigorra ezarri dio Osasunari
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Diru-sarreren gaineko zigorra multzoen fasetik aurrera aplikatuko litzateke, talde gorritxoak hura jokatuko balu. Izan ere, aurretik, abuztuaren 24an eta 31n, aurre kanporaketa gainditu beharko baitute nafarrek.
UEFAk 100.000 euroko isuna ezarri dio Osasunari, eta, horrez gain, Konferentzia Ligan multzoen fasetik aurrera lor ditzakeen diru-sarreren % 5 ordaintzeko zigorra ere gaineratu dio talde gorritxoari, baldin eta abuztuaren 24an eta 31n jokatuko duen kanporaketa gainditzen badu. Hala eman du jakitera Osasunak ohar baten bidez.
Europako futboleko erakunde gorenak ostegun honetan jakinarazi dio Iruñeko taldeari 2023-2024 Konferentzia Ligan parte-hartzea defendatzeko justizia arruntera jotzeagatik irekitako diziplina-prozedura amaitu dela. Prozedura horretan erabaki dena da Osasunari zigor ekonomikoak ezartzea.
Gainera, "UEFAk urtebeteko zigorra ezarri dio klubari Europako lehiaketetan parte hartu gabe. Dena den, zigor hori bertan behera geratuko da bi urtez. Epe horretan, Osasunak justizia arruntera jotzen ez badu, zigor hori ondoriorik gabe geratuko da", Osasunaren oharrean irakur daitekeenez.
Beraz, "Osasunak 2023-2024 Konferentzia Ligan parte hartu ahal izango du, eta ez du kirol zigor gehigarririk jasoko, baldin eta hurrengo bi urteetan UEFAren aurka justizia arruntera jotzen ez badu, eta ez jotzeko asmoa du",
Bukatzeko, Osasunak azaldu du "onartu" egingo duela UEFAko Apelazio Batzordearen erabakia du, eta ez duela horren aurkako errekurtsorik jarriko.